“Dendan bizi guztirako lagunak egin ditut”

Jone Guenetxea 2020ko urt. 31a, 12:00

Merkataritza puri-purian zegoen sasoian, Lutxik janari-denda zabaldu zuen Durangoko Barrenkale kalean. 50 urte geroago, Alde Zaharreko komertzioaren panorama oso bestelakoa da. Virginia Urkidi (Durango, 1973), Lutxiren alaba, denda honen inguruan hazi da. Gainera, orain hamar urte, ama jubilatu zenean, berak hartu zuen lekukoa. Eguaztenean itxiera ekitaldi xume bat egin zuten.

Noiz zabaldu zenuten denda?
1969an. Beraz, aurten 50 urte egin ditu. Zabaldu zutenean, lau urte nituen.

Zelan gogoratzen dituzu hasierako urte haiek?
Lau neba-arrebetatik, neu izan naiz hemen hazi dena. Nire ahizpek 6 eta 5 urte gehiago dituzte. Kontuan izan behar da bertan bizi ginela. Gainera, ni saltsera hutsa naiz eta errekaduak egitea gustatzen zitzaidan.

Lutxirena denda bat baino gehiago izan da.
Bai. Lana bilatzeko lekua, norbaiti errekaduak uztekoa…

Sasoi hartan, zelakoa zen Barrenkaleko komertzioa?
Durangoko kale komertzialik onena zen, askogatik. Zazpi harategi, lurrin-denda, arraindegia, kazola-denda, fruta-dendak… Kale honetatik irten barik, erosketa guztia egin zitekeen. Begira orain zer geratzen den.

Bizitza guztian zabalik egon diren familia negozio asko zarratzen dabiltza.
Sistema lau lobbygaz antolatuta dago. Hor erosten duzu, edo ez duzu erosten. Edozein hiritara bazoaz ere, komertzio bera dago. Berdin dio Madrilen, Bilbon, Bartzelonan edo Burgosen egon.

Merkataritza aldetik, Alde Zaharra asko aldatu da.
Alde Zaharrak hiltzen utzi dituzte. Tabernak baino ez daude. Zergatik? Zergak ordaintzen dituztelako eta udalek dirua irabazten dutelako. Horiek bai, horiek ondo zaintzen dituzte!

Gatxa da Alde Zaharrean komertzio bat izatea?
Hornitzaileak ezin dira 12:30era arte sartu. Eta banatzaileek ibilbide luzea egiten dute ordutegi horri begira egoteko. Komertzio txikiari eta autonomoari ez zaie batere laguntzen.

Amaren erreleboa hartu zenuen orain 10 urte. Zelako esperientzia izan da?
Nik oso ondo pasatzen dut dendan. Jende mordoa ezagutu dut eta lan polita da. Hori bai, nekagarria da; etxerik etxeko psikiatra ere sentitu naiz inoiz (barrez).

Itxieraren aurrean, Lutxi zure amak zer sentsazio du?
Nik denda ixterakoan, benetako jubilazioa hartuko duela esango nuke. Ni egonda, lantzean behin etorri izan da eta…

Kontuak eskuz egiten dituzu.
Amak eta biok gorroto dugu kalkulagailua. Hainbeste teknologiagaz, gazteek ez dakite gehiketarik egiten.

Etapa berri bat hasten da orain.
Zabaldu nuenean, aldaketa izan zen nire bizitzan, eta orain ere bai. Baina hoberako izango da.

Zer esango zenieke bezeroei?
Eskerrik asko. Dendan bizi guztirako lagunak egin ditut. Oso eskertuta nago, batez ere supermerkatuan karroa betetzea erraza den sasoi honetan. Hori bai, banakaren bat gainetik kentzeko gogoa ere badut… (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!