"Aldaketaren bidean lehen katebegia" ipini gura dute Durangoko udal gobernu taldeak onartutako aurrekontuek

Ekaitz Herrera 2020ko urt. 29a, 21:52

Inbertsioen atalak 2.300.000 euro baino gehiagoko tartea izango du eta gizarte ekintzetarako diru-partida iaz baino 137.500 euro handiagoa izango da. Inbertsioek "herritarrak eta auzoak erdigunean ipintzeko motorra" izango direla esan du Iker Urkiza zinegotziak. Aurrekontuak EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen botoekin onartu dira. Kontra egin dute EAJk eta PSE-EEk. Mireia Elkoroiriberen esanetan, "aldebakartasunez, gardentasunik barik eta negoziatzeko aukera barik" osatutako aurrekontuak dira. Guztira, 36.129.518 euroko aurrekontua izango du Durangoko Udalak, 2020ko jardunerako.

Gobernu taldeak dioenaren arabera, inbertsioen atala handitzea izango da aldaketaren sintoma nagusia. "2019an, iaz, 137.500 eurokoa" izan zela esan dute, eta 2.327.000 euro eskainiko dizkiote aurten. Gizarte ekintzari lotutako diru-partidak eta herritarren parte hartzea ipini dituzte aurrekontuen erdigunean. Lehenengoak  "137.500 euroko hazkundea" izango du"iazko kontuekin alderatuta", eta aurrekontu parte hartzaileen 351.000 euro kale argiteria hobetzeko baliatuko dituzte.

Oro har, aurrekontuak barnebiltzen dituen gaietako askok igoera izango dutela ere nabarmendu dute. Kultura, ume eta gazteentzako ekintzak, kirolak, Antso Estegiz kalearen berrurbanizazioa, gazteriarentzako alokairurako laguntzak edota udal eraikinak berritzeko proiektuak ipini dituzte horren adibide modura.

Oposizioaren emendakinek ez dute aurrera egin

EAJk "dezepzioa" eta "etsipena" agertu ditu aurrekontuen edukiaren zein egiteko moduaren aurrean. Mireia Elkoroiriberen esanetan "aldebakartasunez, gardentasunik barik eta negoziatzeko aukera barik" landutako aurrekontuak dira.

Jeltzaleek hainbat emendakin egin dituzte. Baita PSE-EEko zinegotziek ere, baina hauen eskariak atzera bota ditu gobernu taldeak. Besteak beste, dendetako erakusleihoekin lehiaketa bat egitea, edo adinekoei laguntza-emozionala eskaintzeko zerbitzua sortzea proposatu dute, baina gobernu taldeak atzera bota ditu eskariak.

36.129.518 euroko aurrekontua izango du udalak 2020ko jardunerako

ESANAK:

Mireia Elkoroiribe (EAJ):

  • "Aurrekontuak jasotzen dituen proiektuetako asko aurreko legegintzalditik datoz. Tren geltokiaren galdeketa da berrikuntza bakarra"
  • "Atsekabez eta etsipenez hartu ditugu aurrekontu hauek. Non gelditu da inbestidura egunean alkateak negoziaketarako eta alde bata zein bestea entzuteko aurkeztutako asmoa?"

Iker Urkiza (EH Bildu):

  • "Justuagoa eta sozialagoa izango den Durango biltzen dute aurrekontuek. Igo egin dira feminismoari lotutako diru-partidak, merkataritzari buruzkoak, kiroletakoak, ume eta gazteenak, tren geltokiaren galdeketa ere hor dago... aurrekontu hauek lehen katebegia dira aldaketaren bidean"
  • "Inbertsioen atala da aldaketaren muina, 2.700.000 euro baino gehiago izango ditu. Bizilagunak eta auzoak erdigunean ipiniko dituen motorra izango dira"

Jorge Varela (Herriaren Eskubidea)

  • "Politika ulertzeko modu bat islatzen dute aurrekontuek. Lehen harri bat dira Durango solidario eta inklusiboago bat garatzeko"
  • "Oposizioak egindako proposamenetako askok badute isla. Auzo taxiarekin aurrera segituko dugu. Halaxe eskatu zigun Herria elkarteak, halaxe bozkatu genuen baiezkoaren alde, eta konpromiso hori beteko dugu"

Jessica Ruiz (PSE-EE)

  • "Gobernu taldeak azpimarratzen duen 'aldaketa´ez da islatzen. Aurrekontuek ez dute aurrera begirako ikusmirarik, ez dago zehaztasunik"
  • "Gure emendakinak atzera bota dira. Ez da negoziaketarako tarterik egon"

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!