“Entseguen %70 inprobisazioak izaten dira. Horrek bere alde ona ere badu, hortik ideia berri askok irteten dute eta"

Aritz Maldonado 2020ko ots. 2a, 10:50

Zornotzako maketa lehiaketa irabazi zutenetik, ibilbide gorabeheratsua izan du The Van taldeak; batez ere, taldekideen joan-etorriagatik. Orain, 'Grow' lehenengo disko luzea kaleratuta, gogotsu daude zuzenekoak eskaintzeko. Hasieratik dauden Alex Garciari, Martzel Vargasi eta Ingartzi Etxeandiari, Iker Hernandez, Eñaut Armentia eta Iratxe Gaztañaga batu zaizkie. Seiek osatzen dute The Van. Kontzertuak lotzeko lanetan dabiltza orain. Besteak beste, Gasteizen joko dute, apirilaren 24an, Rock Urban Concept aretoan.

Zelakoa izan da 'Grow' kaleratzeko prozesua?
Alex Garcia:
Nahiko ibilbide gorabeheratsua izan da, lehiaketaren ondoren ia urtebeteko geldialdia egin genuen eta. Baina orain, apurka-apurka bada ere, bagabiltza berriro ere martxa hartzen.
Iratxe Gaztañaga: Ikasketak, lana, jendea kanpora... oso gatxa da denok batu eta martxa hartzea. Baina, orain, lortu dugulakoan gaude. Mentalitatea aldatu dugu eta aurrera egitea errazagoa egingo zaigulakoan gaude.

70eko hamarkadako rockarekiko duzuen lotura ez da aldatu.
A.G.:
Esan beharra dut James Morgan ekoizleak ere asmatu egin duela soinu hori ateratzen. Bazekien zein zen gure lehentasuna, eta lan handia egin du hori ateratzeko. Asko dago beretik disko honetan.Baina, bai, 70eko rock hori dago oinarrian.
Bestalde, denok egiten ditugu ekarpenak abestietan edo konponketetan.

Zein leku du inprobisazioak zuen entseguetan?
A.G.:
Monotonia ez dugu gustuko. Entseguen %70 inprobisazioa dira. Inprobisatzen hasten gara, eta, askotan, ez dugu entseatzen benetan entseatu behar duguna (barrez). Horrek bere alde ona ere badu, hortik ideia berri askok irteten dute eta. Gero, denon artean lantzen ditugu ideia horiek.
Eñaut Armentia: Ni udan sartu naiz taldean, grabazio amaieran. Grabazioan ez dago baxurik, teklatuagaz egindakoak soilik. Hortaz, baxuaren lerroak ateratzeaz gainera, nire ukitua ematen ahalegindu naiz, eta hori beste prozesu bat da.

Beraz, pozik zaudete diskoagaz?
I.G.:
Diskoa eurek aurretik izan duten garapenaren emaitza dela esango nuke. Elkarregaz jo duten dena, ikasi duten dena, islatzen du. Izan duten momentu hori gordetzea erabaki zuten. Gero, gainerakook sartu garenetik, abesti berriak sortu ditugu, eta talde berriaren esentzia horrek harrapatuko du. 
A.S.: Bai, argi dago diskoak gure lehenengo etapa markatzen duela. Nire ustez, diskoek etapak errepresentatzen dituzte, eta honek gure lehenengo abestiak eta etapa biltzen ditu.

Talde guztien moduan, bertsioak egiten hasi ginen. Hiruzpalau urtean horrela egin genuen, Monkday izenagaz. Abesti propioak egiteko sasoia zela pentsatu genuen, eta, aldi berean, lokalean grabatzeko aukera eskaini ziguten. Horrek Zornotzako maketa lehiaketaren sasoiagaz kointziditu zuen. Aukera ona zela ikusi genuen.

I.G.: Hortik dator diskoaren izenburua ere. Growgaz (ingelesez hazi esan gura du, besteak beste) hori islatu gura izan dugu, haztearen metafora.

Etapa bat amaitu duzue, beraz. Zer ekarriko du etapa berriak?
A.G.:
Ez dugu espektatibarik egin. Diskoa oraintxe atera dugu eta ez dakigu zer gertatuko den.
I.G.: Hemendik aurrera, ahalik eta gehien jo gura dugu, eta abesti berriak sortu, kide berriok ere badugulako zer esana.
E.A.: Ikerrek, adibidez, bere ekarpena egin gura du, diskoko kolpeak Jangitz taldekide ohiak prestaturikoak direlako, eta Ikerren estiloa beste era batekoa da. Esandako moduan, gogotsu gaude abesti berriak sortzeko, egun The Van dena islatzeko.
A.G.: Beti jo izan dugu gustuko dugun musika, eta taldean inor ere ez da ibili beste zerbaiten bila. Alde horretik, zortedunak izan gara. Beti izan gara fidelak gure estiloari.

Revival moduko bat gertatzen dabil 70eko musikagaz? Gure inguruan ez dira ohiko doinuak.
A.G.: Hemen entzun entzuten da 70eko musika, baina estilo hau ez da ohikoena. Ez dugu esparru zehatz batean zentratu gura eta ez diegu aterik ixten doinu super klasikoei. Baten batek zerbait modernoagoa proposatzen badu, probatu egiten dugu.
I.G.: Nazioartean talde ugari daude gure sokakoak, baina, egia esan, hemen inguruan ez da asko sakondu doinu hauetan. Alde batetik, hori ona da, beharbada publikoak ez duelako ezagutzen, baina, beste alde batetik, ezjakite horrek jendea ez erakartzea ekarri lezake.
A.G.: Gazteak izan arren, beti azpimarratu izan digute gure arteko hartu-eman ona igartzen dela. Taldekide askok aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta konexio ona dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!