“Somaliako gazteen artean talde lanaren balioa irakastea eta harresi kulturalak eraistea erronka bat izan da”

Joseba Derteano 2020ko urt. 31a, 09:32

Somalian garatzen dabilen egitasmo batean, Ainara Atorrasagastik (Durango, 1981) ekintzaile izaera izaten eta negozio berriak abiatzen lagundu die gazteei, UNICEF erakundeagaz batera aurrera eramandako egitasmoan. Astebete eman du han, bera parte den Dot kooperatibako kide birekin batera.

Zein da egitasmoaren helburua?
Hango gazteei enpresa berriak sortzen laguntzea. Egitasmo horiek baldintza batzuk bete behar dituzte: inpaktu soziala izan eta maila lokalean enplegua sortzen lagundu behar dute, jasangarriak izan behar dute ingurugiroagaz, eta ekonomikoki bideragarria izan behar du.
Zein izan da ikasleen profila?
16tik 26 urtera arteko gazteak dira. Gehienek unibertsitate ikasketak zituzten, baina ez denek. Proposatutako negozio ideiek zuten interesaren arabera, Somaliako Gobernuz Kanpoko Erakunde batek egin zuen gazteen aukeraketa.
Klaseak ematerako orduan, zer izan da zailena?
Ez daude ohituta taldean lan egitera. Gainera, Islama da erlijio nagusia, eta, esaterako, lehenengo egunean emakumeak aurpegia estalita etorri ziren. Klasean ere banaka eseri ziren hasieran. Hango gazteen artean talde lanaren balioa irakastea eta hainbat harresi kultural eraistea erronka bat izan da.
Ikusi duzu aurrerapausorik horretan?
Bai, belaunaldi berriekin berdintasunerako bidea nabaritu dut. Aurreragoko belaunaldikoak baino zabalagoak dira. Gainera, lan taldeak osatzerakoan, taldeko gidaririk gehienak emakumeak zirela konturatu naiz; eta eurek harzen zutela iniziatiba, eta berbarik gehien egiten zutenak zirela.
Zeintzuk dira arazo nagusiak negozio bat abiatzerako orduan?
Hango lanik gehienak asistentzialak dira, Gobernuak emandakoak. Ez diete irakasten iniziatiba edukitzen. Gure lana ekintzaile ikuspegia lantzea izan da. Bestalde, finantziazioa lortzea ez da erraza. Hango Gobernuz Kanpoko Erakunde bategaz elkarlanean, bide hori errazten ahalegintzen gara, bankuetako edo Gobernuko jendea haien negozio ideien aurkezpenetara gonbidatuta, esaterako. Eta etorri izan dira. Gobernuaren aldetik interesa ikusten da.   
Aipatu ditzakezu gazteek landu dituzten negozio eredu batzuk?
Esaterako, eskolara joan ezin direnentzat aplikazio bat sortu gura dute, irakaskuntza eskuragarriago ipintzeko. Beste talde batek plastikoa birziklatuz eraikuntzarako baldosak egin gura ditu. Emakume batzuek emakumeen gimnasioa sortu gura dute. Ezin dira gizonenean egon, eta ariketa egiteko espazio baten beharrizana dute. Ez dute estetikagatik egiten, osasun kontuengatik baino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!