Egoera txarrean dauden udal eraikinen diagnosia egin du Durangoko Udalak, aurrerantzean zaharberritze inbertsioak egiteko

Ekaitz Herrera 2020ko urt. 28a, 11:19

Ezkurdiko frontoia, Tabira kiroldegia, Pinondo Etxea, San Agustineko Uribarri egoitza, Kapitanea baserria, San Fausto frontoiko taberna eta Pinondoko zein Oiz kaleko pasabideak dira, udal gobernuaren arabera, "arriskuan" dauden instalazio publikoetako batzuk. Aurreko gobernu taldeak eraikinen egoeraren aurrean izandako "mantenu eza eta utzikeria" kritikatu, eta aurrerantzean "inbertsio plan bat" martxan ipiniko dutela aurreratu dute.

Uribarri egoitzaren estalkiak duen egoera kaxkarrak aktibatu zuen dena. 2019ko bukaeran "eraikinaren biziraupena bermatzeko" lanak egitea erabaki zuen udal gobernu taldeak. 61.450 euro inguru inbertitu zituen horretarako, nahiz eta estalkia osoki konpontzeko lanek, guztira, 515.000 euroko kostua duten.

Durangoko beste hainbat udal eraikinetan antzerako egoera gertatzen ari dela salatu du udal gobernu taldeak, eta aurreko legegintzaldiko agintariak egin ditu horren erantzule. "Durangoko Udaleko gobernu taldeak azken urte luzeetako mantenu eza eta horien utzikeria" salatu ditu oraingo gobernu taldeak. Udal iturrien arabera, honakoak dira arriskuan dauden ural eraikinen xehetasunak:

Ezkurdiko frontoia

Ura filtratzen da sabaitik jokalekura. 2018ko abenduan eraikinaren estalkiaren inguruko azterketa egin zuen udalak. Konponketa egiteak 760.241 euroko inbertsioa beharko luke.

Tabira kiroldegia

Kiroldegia zaharberritzeak 2.241.276 euro inbertsioa behar luke (BEZ zerga aparte utzita). Fatxadak eta sabaiak indartzeaz gain, igerileku zaharren eta futbol zelaira ematen duten aldagelen erreforma egin beharko itzateke. "2018ko udal aurrekontuetan (aurreko legegintzaldia) 250.000 euroko partida gehitu behar zen, baina ez zen hori egitea erabaki", diote udal gobernu taldeko kideek.

Pinondo etxea

Eraikinaren egituraren ahalmena zalantzan dago. 2009an aztertu zen azkenenegoz, bertako egurrezko egituraren erresistentzia. Handik ondorioztatu zenez, egituraren egonkortze lanek soilik, 557.000 euro inguruko aurrekontua beharko lukete.

San Faustoko frontoiko ostatua

Udalak 134.700 euro inbertituko ditu tabernaren birgaitze proiektua egiteko. Lanak auzoko bizilagunekin eta elkarteekin adostu direla diote, eta, proiektua lizitazio fasean dago.

Pinondoko eta Oiz kaleko pasabideak

2019ko urri bukaeran "urgentziazko egitura errefortzua" egin zuen udalak Oiz kalearen eta Landako bitartean dagoen pasabidean. 70.000 euroko inbertsioa egin zen.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!