“Polita da markak apurtzea; baita jendeari gure lana zelakoa den ikustaraztea ere”

Maialen Zuazubiskar 2020ko urt. 24a, 12:30

Durangon bizi den Orkatz Beitia korrikalariak (Ondarroa, 1979) hainbat errekor hautsi ditu bere kirol ibilbidean, eta gaur egun ere berdin jarraitzen du. Asteburuan Anoetan jokatutako txapelketan, marka berria ipini zuen 60 metroko lasterketan M40 kategorian: 7,06 segundokoa. 

60 metroko lasterketan 2012tik hona ezarrita egon den marka hautsi duzu asteburuan. Pozik zaude lortutakoagaz?
Egia da oraindino 24 urte ditudala pentsatzen dudala, eta neure buruari marka hobeak eskatzen dizkiodala, baina, bai, pozik nago. Polita da markak apurtzea; baita jendeari gure lana zelakoa den ikustaraztea ere.

5 milarenetan hobetu duzu marka. Itxarondako emaitza izan da?
Anoetakoa denboraldi honetako nire hirugarren lasterketa zen eta aurreko lasterketa biak ikusita, arduratuta nengoen. Pentsatzen hasita nengoen beste marka batzuetara ohitzen hasi beharko nuela, eta hori izango zela nire egungo errealitatea. Baina nahiko lasterketa polita izan zen eta asteburu honetan Durango Kirol Taldeagaz jokatuko dugun Euskadiko taldekako txapelketan 7 segundoetatik jaisten ahaleginduko naiz. 

Asteburuko emaitzak indarra eman dizu datozen lasterketetarako?
Horrela da, bai. Ikusi dut entrenamenduetan beste pare bat gauza ikututa oraindino hobetu dezakegula, eta nire asmoa hori hobetzen joatea izango da. Hala ere, badakit marka hobetu dezakedala, baina lesionatu ere egin naiteke. Urteekin ikusi dut, gaztetan ez bezala, adinagaz gorputzak, aurretik ezer esan barik, lesionatzeko joera duela. Beraz, lesionatzen ez banaiz, marka hori hobetu dezakedala uste dut.

Zeintzuk dira Orkatz Beitiaren hurrengo helburuak?
Neguko denboraldiari dagokionez, ezarritako marka hobetzea eta otsail erdialdean jokatuko den Euskadiko txapelketa absolutuan dominen borrokan ibiltzea dira nire helburuak. Momentu honetan ondo sentitzen naiz eta Euskadiko txapelketan gazteei gerra apur bat eman eta goian egotea gustatuko litzaidake. Baina, aurretik, Euskadiko taldekako txapelketa daukagu asteburuan Durango Kirol Taldeagaz, eta han lan txukuna egitea gustatuko litzaidake. Taldea podiumean egoteko moduan ikusten dut, baita historia egiteko moduan ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!