“Sarritan harrituta geratzen dira emakumezko xake monitore bat ikustean”

Joseba Derteano 2020ko urt. 25a, 10:10

Emakumea eta gazte-gaztea. Maitane Varasek xake klub bateko presidenteen ohiko profila apurtu du, Larrasoloeta taldeko buru ipinita. Behinena harrobia berreskuratzea dela dio, eta, horretarako, xake eskola sortu gura du.

Oso gazterik hartu duzu presidente kargua. Zelan gertatu da?
Larrasoloeta hondoratuta zegoen, desagertzeko zorioan, eta, biziberritzeko, odol gaztea gura zuten. Gaztea izanagatik, 12 urte daramatzat xakean jokatzen, eta badut esperientzia. Iaz Abadiño xake taldean nengoen, baina pena ematen zidan Larrasoloetaren egoerak, eta itzultzea erabaki nuen.

Hain estu zegoen Larrasoloeta?
Bai. Jende gutxi zegoen eta ez zen gazte berririk batzen. Esango nuke Durangoko jende askok ez dakiela existitzen garela ere.

Zer egin daiteke egoerari buelta emateko?
Xake eskola bat sortu gura dugu. Ni eskolatik kanpoko ekintzetako monitorea naiz, hainbat urte daramatzat horretan eta badut hartu-emana gazteekin eta euren gurasoekin. Larrasoloetan harrobi bat sortzea da asmoa, lehenago egiten zen moduan. Ni ere harrobi horretatik irten nintzen.

Ez da erraza gazteak erakartzea. Durangoko ikastetxeak kirol klub askoren harrobi dira.
Futbolak, saskibaloiak eta antzeko kirolek askoz ere hedadura handiagoa dute, jakina. Gatxa da muturra sartzea, baina badut abantaila bat. Gaztea naizenez, niretzat errazagoa da umeengana heltzea, eurekin konfiantza sortzea.

Zortzi hilabete daramatzazu presidente. Klubak hobera egin du?
Lehen zegoen baino hobeto dago, gutxienez. 2018an Durangoko jaietan ez zen antolatu ohiko partida azkarren txapelketa, eta iaz berreskuratu egin genuen. Horrelako txapelketak antolatzea funtsezkoa da kluba ezagutara emateko, xakea kalera ateratzeko eta beste klubekin hartu-emana izateko. Beste talde batzuk gonbidatzen badituzu, eurek euren txapelketetara gonbidatuko zaituzte. Bestela, apurka, isolatuta geratzen zara.

Zure kasuan, gaztea izatea ez ezik, emakumea izatea ere bereizgarria da. Xakean ez da ohikoa.
Zornotzan izan ezik, Bizkaiko gainerako klubetan gizonezko presidenteak daude, nik dakidala. Xakean, emakumeen egoera kasu bat da. Beti galdetzen digute: "Zergatik ez zaizue xakea gustatzen?". Baina ez da lanik egiten neskak erakartzeko.

Xakearen historiako izen handi askok erakutsitako jarrerak ere ez zuen lagunduko. Bobby Fischer-ek esana da: "Emakume guztiak ahulak dira. Ez lukete xakean jokatu beharko".
Bizi balitz, Judit Polgar hungariarra aurkeztuko nioke. Urte askoan munduko onenen artean ibili zen. Begira, futbolean edo antzerako kiroletan genetikak eragiten du, baina xakean jokalari bakoitzaren adimenean dago kontua. Berdin-berdin egin dezakete gizon batek edo emakume batek. Ez da genero kontua, pertsona kontua baino, eta bakoitzak bere dohainak garatzeko duen gaitasuna.

Estereotipoek jarraitzen dute? 
Bai. Nik entzun izan dut txapelketetan: "Ba, neska baten kontra jokatu behar dut. Erraz irabaziko diot". Umea nintzenean, emakumea nintzelako edo ez dakit zergatik, besteei baino azalpen gutxiago ematen zizkidaten. Hau da, denbora gutxiago inbertitzen zuten nigan, nahiz eta besteen maila berdina izan, ez gutxiago. Komentatu dut xakeko monitorea naizela, eta sarritan harrituta geratzen dira lehenengoz joan eta emakumea naizela ikusten dutenean. Bestalde, klubek eta federazioak euren konfiantzazko lagun taldeak osatuta dituzte eta gatxa da hor muturra sartzea. Nire ustez, xakearen munduan emakumeari ez dizkiote gauzak erraz ipintzen.

Zerbait gehitu gura duzu? 
Gazteren batek izena eman gura badu, martitzen eta barikuetan Landako Kiroldegiko azpiko lokaletan egoten gara, 19:00etatik 21:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!