Ibaizabal eskubaloi taldeko gazteek Bizkaiko Lauko finala jokatuko dute asteburuan, eta sorpresa ematen ahaleginduko dira

Joseba Derteano 2020ko urt. 24a, 11:00

Ibaizabal eskubaloi taldeko gazteak goi mailan aritu dira ligan, eta Bizkaiko Lauko Finalera sailkatzea lortu dute. Bizkaiko lau talderik onenak Bakioko kiroldegian lehiatuko dira asteburu honetan, Euskadi Mailara zein talde igoko den erabakitzeko.

Durangarrez gainera, Barakaldoko Zuazo, Bilboko San Adrian eta Basauriko Omega taldeak batuko ditu azken faseak. Ibaizabalek Zuazo taldearen kontra jokatuko du finalerdia, zapatuan, 10:30ean. Barakaldoko kluba Lauko Finala irabazteko faborito argia da. Liga erregularrean, jokatutako 14 partiduak irabazi ditu, 609 gol sartuta: 43 gol partiduko, batez beste. Datu horiek argi erakusten dute Barakaldoko jokalarien maila. Beraz, durangarrek aurkaririk zailenaren kontra bilatuko dute finalerako txartela. "Erronka zaila da. Badakigu Zuazo Bizkaiko talderik gogorrenetarikoa dela. Hala ere, ilusio handiz joango gara Bakiora", adierazi du Martin Barañano Ibaizabal gazteen taldeko entrenatzaileak. Finalerdietako talde bi onenek domekan jokatuko dute finala.

Ligan, indartsu
Ibaizabalek merezimendu osoz eskuratu du Lauko Finalerako sailkapena, ligan jokatutako 14 partiduetatik 10 irabazita. Golik gehien sartu (354) eta gutxien jaso duen (227) bigarren taldea izan da, Basauriko Omegaren atzetik.

Kadeteak ere goian
Ibaizabaleko kadeteek ere oso maila ona erakutsi dute aurtengo ligan. 12 taldeko ligan laugarren geratu dira, jokatutako 11 partiduetatik 7 irabazita. Guztira, 247 gol sartu dituzte: 22 gol pardituko, batez beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!