"Tatuajeak egiten urtebete ez neramala, bere kotxea tatuatzea eskatu zidan bezero batek"

Aitziber Basauri 2020ko urt. 26a, 10:00

Gaur egun gatxa da tatuajerik ez duen norbait topatzea. Anartz Aranguenaren (Durango, 1979) berbetan, azken hamar urteetan normalizatu egin da tatuajeak egitea. Durangarrak argi du ez lukeela egingo bezeroari kalte egingo liokeen tatuajerik, eta, egunen batean, norbaiti gorputz osoa tatuatzea gura luke, hasi eta amaitu. Saman tatuatzea da zailena bere ustez, bezeroarentzat batez ere.

Paperean marraztea eta azala tatuatzea desberdinak dira...
Oso desberdinak, batez ere ideia edo konposaketa praktikan ipintzeko orduan. Tresnak ez dira berdinak. Gainera, papera ez da mugitzen, ez da kexu, ez darama txarto, ez du hotzik edo berorik…. Bestalde, tatuajea hiru dimentsiotan egiten da normalean, eta gorputz atalaren, azal motaren edo kolorearen arabera asko aldatzen da.

Gogoratzen duzu egin zenuen lehenengo tatuajea?
Bai! 'Om' sinboloa tatuatu nion lagun bati. Oso urduri nengoen, baina oso polita izan zen. Abenduaren 24a zen.

Tatuaje guztiek dute istorio bat atzetik?
Normalean, bai. Batzuek estetika hutsagatik egiten dituzte; guztiz baliozkoa da. Nire kasuan, dudan tatuaje bakoitzak bere arrazoia du: tontokeria bat edo bizitzako momentu garrantzitsu bat. Adibidez, 10 urte bete nituenean tatuatzen, lehenengo tatuajea egin nion lagunak eta biok tatuaje berdina egin genuen.

Tatuatu duzu inoiz zeure gorputza?
Ez. Tatuajearen politena norbaitegaz partekatzea da. Zer egingo den planteatzea, irudia erabakitzea… hori ere bada tatuaje baten parte.

Zelan definituko zenuke zure estiloa?
Hiruzpalau urtetik hona dotwork edo puntillismoa [puntutxoekin tatuatzen da] lantzen hasi naiz. Forma geometrikoekin eta lerro solteekin jolasten naiz.  Irregulartasuna bilatzen dut, beti ere, emaitza bisualki ona delarik.

Zer eskatzen du jendeak gehien?
Denerik dago, eta egon behar da. Datak, izenak... eguneroko kontua dira. Baina, gaur egun, Durangon tatuajearen kultura handia dago; jendeak badaki zer gura duen, zein estilo, eta hori eskatzen du. Dimanika hori sortzen ari da eta oso ondo dago. Tatuaje asko egin dituenak badu kriterio bat, eta topikoetatik ateratzen da.

Zer izan da eskatu dizuten tatuajerik arraroena?
Tatuajeak egiten urtebete ez neramala, bere kotxea tatuatzea eskatu zidan bezero batek; Ford Scort gorri bat zen, Donostiako matrikulagaz. Maitasun handia diot tatuaje hari.

Baduzu tatuajeren bat gogoan, atzean duen istorioagatik?
Denboran jarraipena duten tatuajeek motibatzen naute gehin. Hanka edo besoa osorik tatuatzeko, urtebete pasatu daiteke. Bada, harreman berezia sortzen da. Lan bereziak bihurtzen dira.

Tatuaje bat egiteko aholku bat?
Oso garrantzitsua da ideia argi izatea. Eta aholkatzen uztea. Horretarako gaude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!