“Gerraren gaiagaz lez, heroinaren gaiari ere ateak itxi zitzaizkion hainbat etxetan”

Hirugarren proiektua dute elkarlanean Axut, Dejabu eta Artedrama konpainiek, Igor Elortzak eta Unai Iturriagak; beste behin ere, "herri memoria" osatu guran idatzi dute. Tekno jaialdi batean, Aingeru gazteak zaldi urdina deritzon droga saldu dio gazte bati, eta hau koman sartu da droga kontsumitu eta gero. Polizia Aingeruren bila hasiko da, eta baita bere familia ere. Obra 1980ko Durangon kokatu zitekeen; berdin-berdin gaur egun ere, izan ere 'Zaldi Urdina' ez da drogari buruzko antzezlan bat. Euskaraz eta euskaldunon auziei buruzko obra bat da.

Gatx egin zaizue gaiari heltzea?
Igor Elortza:
Hirugarren lana dugu elkarregaz, eta lan hauetan badago asmo bat, besteak beste antzerkiaren bitartez herri memoriaren lanketa bat egiteko. Francoren bilobari gutunaren ondoren, hurrengo aukerei buruz berba egiterakoan, nahiko arin irten zen gaia. Eragin handia izan duen gaia da, batez ere belaunaldi batengan, eta memoria herrikoian landu zitekeen gaia zela uste genuen, baina ez historiagile ikuspuntutik, antzerkitik baino.
Unai Iturriaga: Idatzi aurretik, ez zaigu gatx egin, badagoelako material bibliografikoa, edota bizipen pertsonalengatik. Baina idazterakoan, eta obrari nondik heldu erabakitzerakoan, gatx egin zaigu, bai. Ertz asko dituen gaia da. Ez genuen irakurketa moralista bat egin gura, edo politikoa bakarrik.
I.E.: 80ko hamarkadan, eta gero, heroinagatik bakarrik ez, xiringekin kutsatuta edo hiesagatik hil zen hainbat jende. Drogen erabilera politikoa eta interes ekonomikoak plazaratzen dira obran, baina hildako jende horrenganako berotasunagatik ere idatzi gura genuen. Beste alde hori ere landu eta islatu gura genuen, gizatasunagatik eta memoriarekiko errespetu eta lanketatik.
U.I.: Gu, adinez, ume begiradatik izan gara lekuko, eta beldur-erakarmen arteko hori eduki dugu. Dokumental bat egin nuen Zilar Aste baterako, eta elkarrizketatuetako batek aipatu zuen bonbardaketak baino jende gehiago hil zuela heroinak. Bestetik, hildakoen familiez ere mintzatu zen. 'Lotsa eraman behar dute bizitza osoan? Ez da inoiz ezer ere egingo Durangon hau gogoratzeko?'. Barruan geratu zitzaizkidan esaldiok. Antzezlana bera deserosoa izan daiteke horregatik.
I.E.: Gerraren gaiagaz lez, heroinaren eta drogen gaiari ere ateak itxi zitzaizkion hainbat etxetan, edo ateok berriro ez zabaltzea erabaki zen. Beraz, gai honegaz ere berdin pasatzen da, besteak beste denbora tarte laburra igaro delako harrezkero.

Gaur-gaurko gaia izaten jarraitzen du.
U.I.:
Gaur egungo antzezlan bat da. Badirudi iraganean berba egiten dugula, baina drogek triskantza sozial itzela izaten jarraitzen dute. Aldatzen dira drogak, aldatzen dira formak, baina arazoak, edo azpi-urek, hor jarraitzen dute. Drogak presente daude gaur egun, ondo pasatzeko dira, baina arazo sozial, familiar eta medikoa ziren, eta gaur egun ere badira.
I.E.: Azken finean, istorioa gaur egunean dago kokatua, eta hasierako gertakizuna eragiten duena gaur egungo gazte batzuei gertatzen zaie. Gazte droga saltzailearen bilaketan familia osoa inplikatzen da, poliziak baino lehenago aurkitu gura dute eta. Hor hiru belaunaldi daude. Iraganera ere jauzi egiten da, baina trama nagusia gaur egungoa da.

Sorkuntza inprobisazioetan oinarritu duzue. Gustuko metodoa duzue?
I.E.:
Teknikoki sinplea da. Hasieratik egonaldi batzuk finkatzen dira. Hasierako prozesuan, sortzaile guztiok batzen gara, aktoreak, zuzendaria, idazleak... eta gaiari buruzko ekarpenak egin eta konpartitzen dira. Gero, egoerak taula gainean probatzen dira, eta hortik trama harilkatzen da. Joan-etorriko sortze prozesua da, betiere. Egonaldietan, proposamen berriak egiten dira, eta forma ematen zaio guztiari. Lan egiteko metodoak parte ederrak ditu, eta ikasbide asko. Hori da interesanteena, talde sorkuntza horretan jasotzen duzun guztia, eta negoziatu behar den guztia ere interesgarria da. Prozesu potentea da.
U.I.: Metodo ausarta da, eta asko oinarritzen da elkarren arteko konfiantzan. Hirugarren aldia dugu horrela lan egiten, eta elkar ulertzen dugula uste dut.

Erronka bat izango zen oholtzan uneoro zazpi aktore dituen obra idaztea.
I.E.:
Interesgarria da. Denon artean egiten dugu berba gaiari buruz, eta horrek emaitza hobea dakar, batzuetan, tarteka, "korapilatzea" errazagoa izan daitekeen arren. Horrela sortzea ederra dela esango nuke, baina gogoa ere behar da: denbora hartzen du, eta energia asko inbertitu behar da. Aktoreei ere asko eskatzen die, inbentiba aldetik, fisikoki eta ordu aldetik.

Erlazionatuak

"Drogei buruz ez da berba askorik egiten; gutxiago heroinak eragindako sarraskiaz"

Durango

'Zaldi Urdina' Artedramak, Axutek eta Dejabuk elkarlanean egindako laugarren obra da. Hogeita hamar emanaldi baino gehiago eskaini dituzte eta pozi...
Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.