'Wikikedada' egingo dute Durangon, Wikipedian dagoen "genero arrakala" aldatzeko

Ekaitz Herrera 2020ko urt. 22a, 13:15

Andereak elkarteak hainbat jardunaldi antolatu ditu WikiEmakumeen sarea handitu eta Wikipedian emakumeei buruzko artikuluak areagotzeko. Antolatzaileen arabera, emakumeei buruzko biografia kopurua "oso urrun" dago gizonezkoen biografien kopurutik. Jardunaldien lehen saioa bihar egingo dute Ibaizabal ikastolan, 16:00etatik hasita. Hurrengo asteetan zehar gehiago egingo dituzte.

Marisa Barrena Andereak elkarteko kideak azaldu duenez, "biografien %12-14 inguru" baino ez da emakumeren bati buruzkoa, eta egoera horri buelta eman gura diote. Wikikedada jardunaldiak bihar hasiko dituzten arren, hurrengo asteetan ere izango dute segida. Aurreikuspenen arabera, otsailaren 6an, martxoaren 26an, apirilaren 16an eta maiatzaren 21ean egingo dituzte hurrengo jardunaldiak. Urtarrilaren 30ean ere egitekoak dira, baina zalantza dute greba orokorragatik indarrean mantenduko den ala ez. Jardunaldietan Mentxu Ramilo aditu gasteiztarra izango da tresna praktikoekin laguntzen eta egoerari buruzko informazioa zabaltzen.

Askotariko biografiak

Durangoko WikiEmakumeen taldeak hainbat emakumeren biografiak sortu eta Wikipedian ipini ditu eskuragarri. Gerizpetik argitara atera dituzte hainbat emakumeren biografiak. Besteak beste, Maria Luisa Alberdi erraketista eibartarrari, Lara Izagirre zinegile zornotzarrari edo Juana Elgezabal enpresari derioztarrari lotutako biografiak sortu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!