Andereak elkarteko kideek Ofelia Hernandez oroitu dute, erailketaren 15. urteurrenean

Maialen Zuazubiskar 2020ko urt. 15a, 20:00
Artxiboko irudia

2005eko urtarrilaren 15ean Ofelia Hernandez hil zuten Durangon. Erailketa horrek herrian eragindako saminetik, Andereak elkartea sortu zuten, matxismoari aurre egiteko. Gaur, erailketa horren 15. urteurrenean Hernandezi omenaldi bat egin gura izan diote elkarteko kideek. "Omenaldi bat egin nahi diogu Ofeliari, haren izena ahaztuta gera ez dadin", adierazi dute.

Ohar bidez adierazi dutenez, egungo egoeraz arduratuta daude. "Emakume bat erailtzea, emakume izateagatik soilik, ohikoa da gure gizartean, baina ez dugu horrelako gertaeretara ohitu behar. Halere, badirudi feminizidioak naturalizatu egin ditugula eta horrek arduratu egiten gaitu". 

Bestalde, Hernandez indarkeria matxistak Durangon eragindako biktima bakarra ez dela, eta gainontzeko biktima guztiak ere gogoan izan dituzte Andereakekoek. ""Ez dugu gure udalerrian indarkeria matxistak sortutako beste erailketarik nahi, hori dela eta,  erakundeei, Durangoko Udalari, Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, eskatzen diegu benetako konpromisoa hartzeko, indarkeria  matxista errotik mozteko", esan dute.

Horrez gain, jendarteari dei egin diote edozein eratako indarkeria matxista errefuxatzeko, eta genero bereizketa gabeko mundu baten alde borroka egiteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!