A-8 autobideko ordainsaria kentzea aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute Durangotik Iurretara

Anboto 2020ko urt. 10a, 14:13

AP-8 Peajerik ez! plataformak manifestazioa deitu du urtarrilaren 25erako. Durangoko Ezkurdi plazatik irtengo dira, 18:00etan, eta A-8 autobideko ordainlekuraino joango dira.

Espainiar estatuan hainbat autobidek ordainpekoak izateari utzi diotela-eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba ezin direla atzean gelditu salatu gura du plataformak. "Batez ere, AP-8 autobidearen kontsezioa duela 17 urte amaitu zelako, eta, beraz, ordainsaririk gabekoa izan behar lukeelako", AP-8 Peajerik ez! plataformakoek salatu dutenez. Hartara, "Durangaldeko, Ermuako eta Lea-Artibaiko egoera ekonomikoa altzatzen laguntzeko ezinbesteko neurri moduan", autobidearen ordainsaria kentzea gura duten herritarrak manifestazioan parte hartzera deitu dituzte. "Ordainsariak kentzeak Bizkaiko inguru honeri bultzada ekonomiko garrantzitsua emango lioke; ordainsariak oztopo dira-eta inguruaren garapenerako".

Bestalde, inguru honetan bizi diren herritarrak "bigarren mailako bizkaitar moduan tratatzeari"" utz diezaiola ere eskatuko diote Bizkaiko Foru Aldundiari. "Izan ere, zerga berdinak ordaintzen ditugun arren, mugikortasun azkar, seguru eta eraginkorrari dagokionez ez ditugu gainontzen bizkaitarren eskubide berdinak", azaldu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!