20tan3! bonuak atera ditu Durangoko San Agustin kulturguneak, herritarrak aretora erakartzeko

Anboto 2020ko urt. 9a, 12:58
Ane Abanzabalegi Astarloa kulturgintzako presidentea, Ima Garrastatxu alkatea, Julian Rios alkateordea eta Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko koordinatzailea.

Nobedadeak iragarriz aurkeztu du, gaur, San Agustin kulturguneak datozen hilabeteetarako osatutako kultur programazioa. 20tan3! bonuak atera dituzte bazkide ez diren eta aretora hurbildura gura duten herritarrentzat. Hartara, 20 euroren trukean norberak aukeratutako hiru emanaldiz gozatzeko aukera egongo da, aurten. 15 ikuskizunek osatutako kultur eskaintza zabala eta anitza lotu dute San Agustin kulturguneko arduradunek, ekainera bitartean.

Kultur aretora erakarri gura dituzte herritarrak 20tan3! bonuekin Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko arduradunak azaldu duenez. "Topaklown, Udagiro edota gabonetako Maluta kultur egitarauek gero eta arrakasta handiagoa dute publliko aldetik, eta horrek apur bat indargabetzen du aretoaren programazio egonkorra. Baina, asteroko programazio horren alde borrokan jarraitzen dugu", argitu du Arrazolak. Horretara dator 20tan3! ekimena. Aitortu du, hiri handietara joateko ohitura dagoela, herrian dagoen eskaintzaz ohartu gabe. "San Agustinera hurbiltzen gonbidatu, lagundu gura dugu, gaineratu duenez. 

Ttanttaka Teatroren Deje su mensaje despues de la señal obrarekin abiatuko du programazioa San Agustin kulturguneak, urtarrilaren 12an. Arantza Portobalesen izen bereko nobelan oinarritutako antzezlan honek, arazoei aurre egin ezinean dabiltzan lau emakumeren ahotsak biltzen ditu; Marinak, Carmelak, Sarak eta Vivianak nahiago dute gertatzen zaien hori erantzungailu automatiko bati aitortzea. Maila altuko aktoreak taularatuko duten obra, 19:00etan hasiko da. Hori ere bada nobedade. Izan ere, iragarri dute aurrerantzean helduentzako ikuskizun  guztiak 19:00etan izango direla.

Kaskarot obra estreinatuko du Atx Teatrok, urtarrilaren 19an. Estreinatu berri duten ikuskizuna da, familia osoari zuzendutakoa. Eskaintza alternatiboa da beraiena, Arrazolak azaldu duenez. Urtarrila agurtzeko, euskal antzerkigintzan erreferente den Artedrama konpainiak, Axut! eta Dejabu antzerki taldeekin sortutako Zaldi urdina ikuskizuna eskainiko du San Agustin kulturguneak. Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzitako obra da eta hilaren 25ean taularatuko dute. Aretoa betetzea espero dute arduradunek. Topaklown Durangoko klown topaketan parte hartzeko izena emateko epea ere urtarrilaren 15ean zabalduko dute.

Dantza, zirkoa eta titereak

Gorpuztu (Doos Colectivo)eta Ehuna (Txintxirri Konpainia) dantza ikuskizunak ekarriko ditu otsailak, eta, Antzerkigintza berriak ekimenaren barruan hautatutako El patio de mi casa (Pez Limbo Teatro) obra ere bai; Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko dute otsailaren 26an, eta Durangora etorriko da hilaren 29an. Abadiñoko Banarte Antzerki taldeak, bestalde, Comunicado de muerte taularatuko du.

Glu Glu produkzioaken Marierrauskin eta Grop Circo taldearen Myres zirko ikuskizuna lotu dituzte martxorako. Baita formatu txikiko Vida helduentzako titere ikuskizuna. Durangoko Karrikan antzerki taldeak ere ikuskizun berria aurkeztuko du, apirilean.

Bazkide egiteko aukera

Bazkide egiteko aukera zabalik dagoela azaldu du Ane Abanzabalegi Astarloa kulturgintzako presidenteak. Iaz moduan, 25 euro izango da bazkide txartela egitea edo berriztea (umeen kasuan 5 euro). Horrek hainbat abantaila dituela gogoratu du. Besteak beste, %25eko deskontua ikuskizunetan eta Euskadiko Antzoki Sarean bazkide izateko auketa. Bestalde, urtean bi ikuskizun doan izango ditu bazkideak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!