Landako Guneko aparkalekua 24 orduz erabiltzea ahalbidetuko dute matrikula irakurtzeko sistemak eta hesi automatikoek

Anboto 2019ko abe. 29a, 15:39

Aparkalekuko teknologia eta azpiegiturak “zaharkituta” daudela iritzita, berrikuntzak egingo ditu udalak (2006ko abenduan ipini zen aparkalekua martxan). Ibilgailuen sartu-irtenerako matrikulen irakurketa sistema ipini, ordainketa makina berriak ipini edo hesi bana ipiniko dituzte, gaueko ordutegietan edonor sartu ez dadin. “Asmoa 24 orduko aparkalekua bihurtzea” denez, bide horretan “pausoak” ematen hasi gura du udalak.

Landako Guneko aparkalekua 24 orduz martxan egotea “herritar askoren eskaria” dela azaldu du Aritz Bravo zinegotziak. “Lehen ez bezala, aparkalekua domeketan ere zabalik egotea ahalbidetu dugu. Asmoa da 24 orduz erabilgarri egongo den parking bat lortzea eta bide horretan pausoak ematen hastea”.

Udal gobernu taldeak aurreikusten dituen berrikuntzak teknologiari lotutakoak dira. Iker Urkiza zinegotziak azaldu duenez, “ordainketak egiteko makinak aldatu, matrikulak irakurtzeko sistema ipini” eta hesi automatikoak ipiniko dituzte aparkalekuko sarrera-irteeretan, besteak beste. Bideo-segurtasun sistema berrituko dutela ere aurreratu dute.

Erakustazoka inguruko bizilagunei begira, udal gobernu taldea balizko “bono” batzuk ezartzeko aukera aztertzen dabil, auzotarrek bertan, gauez aparkatu ahal dezaten.

Tren geltokiko aparkalekua

Landako Gunekoa ez da udal gobernu taldeak eguneratu gura duen aparkaleku bakarra . Gobernu taldeak hitzarmen bat egin gura luke, tren geltoki azpiko aparkalekuko arduradunekin. (BM-Murias aparkalekuko arduraduna ETS Euskal Trenbide Sarea da). Bravok dioenez, “erabilera gutxi” duen aparkalekua da bertakoa, eta, Landako Gunekoaren “logika beragaz”, txandakako aparkaleku zerbitzua hobetu gura dute, “prezio berdinekin”.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!