1.300 durangarrek eman dute botoa dagoeneko, aurrekontu parte-hartzaileetan

Anboto 2019ko abe. 23a, 14:39

Durangoko Udalak orain arteko parte-hartzearen balorazio “oso positiboa” egin du. Astebete igaro da udalak 16 proposamen bozketara atera zituenetik, eta, dagoeneko, 1.300 izan dira bertan parte hartu duten herritarrak. Urtarrilaren 3an amaituko da bozketa epea.

“Prozesu honek erakusten du durangarrek modu aktiboan parte hartu gura dutela udalaren egunerokotasunean”, adierazi dute Iker Urkiza eta Jorge Varela gobernu taldeko zinegotziek.

Barikura arteko datuak kontuan hartuta (abenduaren 20a), 262 herritarrek botoa emana zuten Landako II kiroldegian; beste 980 herritarrek internet bidez emana zuten botoa. Udal gobernu taldeak jakitera eman duenez, 100 herritar inguruk hartu dute parte, auzoetan egin diren informazio bileretan.

Aurrekontu parte-hartzaileen bozketa urtarrilaren 3an itxiko da. Ordura arte, udal gobernu taldeko ordezkariek botoa ematera deitu dituzte herritarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!