Joxe Miel Barandiaran egoitzan janari bilketa egingo dute Greziako errefuxiatuei laguntzeko

Joseba Derteano 2019ko abe. 23a, 11:00

Arrasateko Aita Menni ospitaleak janari bilketa hasi du Grezian dauden errefuxiatuei laguntzeko. Bilketa hori ospitalean bertan zein Aita Mennik kudeatzen dituen beste azpiegitura batzuetan gauzatuko dute; tartean, Durangoko Joxe Miel Barandiaran adinekoen egoitzan.

Ekimen solidarioa aste honetan hasi da eta urtarrilaren 6ra arte iraungo du. Honako janari hauek eraman daitezke: pasta (makarroiak, gehienbat), arroza, dilistak, babarrunak, garbantzuak, sardinak eta atuna latan, oliba olioa eta espeziak (piperrautsa, currya…).

Diru ekarpenak ere egin daitezke egoitzetan ipinitako itsulapikoetan. "Batutako dirua Greziara janaria bidaltzeak dakartzan gastuei aurre egiteko erabiliko da", adierazi du Aita Menni ospitaleko langilea eta ekimen solidarioko antolatzaileetakoa den Egoitz Zabalak.

Errefuxiatuen egoera
Grezian dauden errefuxiatuen egoera "larria eta lotsagarria" dela gogoratu du Zabalak. Esaterako, Lesbosen dagoen Moratako kanpamentuan 3.000 lagunentzako tokia egon arren, gaur egun 17.000 emakume, haur eta gizon batera bizi direla azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!