JAEDen zozketa solidarioko salmenta "bide onetik" doa eta 30.000 txartel inguru saldu dituzte orain arte

Joseba Derteano 2019ko abe. 21a, 10:20

Hilabete pasatxo joan da JAEDek Gabonetako stand solidarioa zabaldu zuenetik eta, momentuz, txartelen salmenta "bide onetik" doala adierazi du Jose Carrera zuzendaritzako kideak. Iaz 60.000 txartel saldu zituzten guztira, eta aste honetan kopuru horren erdia gainditu dute. Momentuz, 30 bat mila txartel saldu dituzte Andra Mariko elizpeko postuan. Oraindino beste 16 egunean eskuratu daitezke txartelak. Izan ere, urtarrilaren 6an egingo dute sarien zozketa.

Erakusmahaian askotariko opariak dituzte, bidaiak tarteko. Euretariko bat nobedadea da: Mediterraneotik itsas-bidaia, lagun birentzat. Kanariar Uharteetarako bidaia mantendu egin dute. Ipad-ak, mugikorrak eta antzerako gailuak "teknologikoki berrienak" direla azaldu du Carrerak. Berdina gertatzen da Renault Clio autoagaz eta bizikleta elektrikoagaz ere.

Beharrizana dutenentzat
Urtea joan eta urtea etorri, JAEDen zozketa solidariotik lortutako dirua Durangon eta Iurretan beharrizana duten familiei laguntzeko erabiltzen dute. Janaria erostea da laguntzeko modu bat, baina ez bakarra. "Pobrezia energetikoa ere arazo bat da askorentzat, batez ere azarotik otsailera", Carreraren esanetan. "Badaude familiak ur beroa ordaindu ezin dutenak, eta horiei faktura ordaintzen laguntzen diegu", adierazi du.

Laguntzak eman aurretik, kasu bakoitza aztertzen dute, beste eragile batzuekin (Lanbide, Gurutze Gorria…), benetako premia dagoela eta laguntzetan bikoiztasunik ez dagoela segurtatzeko. "Ematen ditugun laguntza guztiak egiaztatatuta egoten dira", gaineratu du.

Urtean zehar durangarren artean sentitzen duen elkartasunagaz "esker oneko" agertu da Carrera. "Kirol elkarteak, norbanakoak… Urtean zehar mota askotako ekintzak egiten dira JAEDi laguntzeko, eta hori goraipatzekoa da", gaineratu du. Elkartasun horren adibide da aurten Bizidun elkartearen laguntza dutela asteburuetan zozketa solidarioko postuan txandak betetzeko. Elkarteko 33 lagun dabiltza txandak egiten. Andra Mariko standean diru ekarpenak egiteko kutxa bat ipini dutela gogoratu du Carrerak. Horrez gainera, JAEDen loteria herriko hainbat komertziotan eskuratu daiteke. 51.384 da zenbakia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!