Ibaizabal Eskubaloi Taldea lanean dabil, Durangon emakumezkoen eskubaloia indartu eta ikusgarriago egiteko asmoz

Maialen Zuazubiskar 2019ko abe. 29a, 10:00

2003an, Begoña eta Lorea Oskoz ahizpek Durangon emakumezkoen eskubaloi taldea eratzea erabaki zuten. Garai hartan, herrian ez zegoen aukerarik eskubaloian jokatzeko, eta eskola kirolaren barruan beste aukera bat eskaintzeko asmoz sortu zuten taldea. 2008an, beste aurrerapauso bat eman eta Ibaizabal Eskubaloi Taldea sortu zuten. Pedro Arrazola taldeko presidenteak adierazi duenez, harrezkero momentu on eta gogor asko bizi izan dituzte.

Taldeko presidenteak dio klubaren egoera ona dela gaur egun.  "Hasieratik, beste kirol bat eskaini gura izan diogu jendeari, neskei batez ere, eta une honetan 4 talde federatu eta eskola mailako 6 ditugu. Beraz, eskubaloiak Durangon une gozoa bizi duela esan dezakegu", azaldu du Arrazolak.

Hala ere, jendearen aurrean eskubaloia ikusgarriagoa egiteko asmoz, joan zen barikuan taldeak aurkezteko ekitaldia egin zuten Landakon, lehenengoz klubaren historian. "Lan polita egiten gabiltza eskubaloia bultzatzeko asmoz, eta gaurko ekitaldian nabari da hori. Badakigu oso jende gutxi bizi daitekeela eskubaloitik, baina guk geurea bultzatzen jarraituko dugu. Horixe da gure asmoa, jendeari eskubaloia eskaintzea", esan du Arrazolak.

Lau talde federatu
Ibaizabalek lau talde federatu ditu une honetan, eta talde nagusia Bizkaia osoan jokatzen dabil. "Gurea taldea umila da. Badakigu lau bat urtean taldea ezingo dela mailaz igo, baina ez dio ardura. Gure helburu nagusia harrobia bultzatzea eta indartzea da", jarraitu du presidenteak. Gainera, taldea indartu eta mailaz igotzea lortzen badute, oinarri sendoekin egin gura dutela azaldu du Arrazolak. "Ez dugu gura taldea mailaz igo eta urte gutxiren bueltan desagertzea. Hori ez dago gure asmoen barruan", argitu du.

Harrobiaren garrantzia
Ibaizabal Eskubaloi Taldean harrobiak garrantzi handia du, eta baita lan integratzaile bat egiteak ere. Gaur egun, Jesuitetan eta Kurutziaga ikastolan eskaintzen dute eskubaloia, baina etorkizunean beste ikastetxe batzuetara ere zabaltzea dute helburu. "Eskubaloia probatu gura duen edonork aukera hori izatea da gure asmoa", gaineratu du.

Bestalde, taldeko presidenteak esan du ezinbestekoa dela babesle sare bat izatea Durangoko ume eta gazteei aukera hau eskaintzeko,  eta egun dituzten babesleei eskerrak eman gura izan dizkie.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!