Udal langileen 16 postu egonkortuko ditu Durangoko Udalak, Lan Eskaintza Publiko bidez

Anboto 2019ko abe. 18a, 21:25

16 plaza horiek 2019ko Lan Eskaintza Publikoari (OPE delakoari) dagozkio, eta ’teknikari’ izaerako plazak arautuko ditu gehienbat. Delineante postu bat eta mugikortasun laguntzailearen beste postu bat ere egonkortuko da. 16 postu horiek, 2018ko LEPtik datozen beste 36 postuei gehituko zaizkie. Lan Publikoen Zerrenda eztabaidatu dute gaur (RPT delakoa). Alde bozkatu dute EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak. Aurka egin dute EAJk eta PSE-EEk

Durangoko udalak udal langileen postuak egonkortzeko bide berri bat hasiko du aurrerantzean. Lan Eskaintza Publiko bat prestatzeari ekingo dio, gaur egungo 16 udal-lanpostu finkatzeko. Horretaz gain, 2018ko Lan Eskaintza Publikoan (aurreko legegintzaldian) hasitako bidea ere garatuko du. Udalbatza bukatutakoan Iker Urkiza zinegotziak berripaper honi azaldu dionez, oraindik goizegi da datei buruz berba egiteko, baina urtarrilean hasiko dira LEPa diseinatzen. “Lehentasunezkoak diren lanpostuak identifikatuko ditugu lehenik. Sindikatuekin aztertuko dugu  horretarako. Gero, LEParen oinarriak zeintzuk izango diren definituko dugu, azkenik, oposaketa deitzeko”. Gobernu taldearen asmoa da “hilabetean behin” oposaketetarako lan bilerak egitea, eta “hiru hilerik behin” mahai politiko eta sindikalarekin batzea.

Oposizioa, kritiko

EAJko Josune Escota zinegotziak azaldu du “beldur giroa” dela nagusi udal langileen artean. Euretako askok urte askoan egin dute lan udalean, eta oposaketa batek arriskuan ipini lezake bai haien etorkizuna eta baita udalak urte luzeetan haiei esker pilatutako esperientzia ere. “Oposaketaren moduek kezkatzen gaituzte. Langileei ez zaie informatu. Ez zaie esan nola egingo den oposaketa” azaldu du Escotak. Negoziaziorako tarterik ez ematea ere egotzi dio gobernu taldeari. Irakurketa horregaz bat egin du PSE-EEk.

Talde jeltzaleak asteon ere agertu du zenbait udal langileren geroari buruzko kezka, eta eskatu du gaiari modu “humanoan” heltzea, langileak eta hauen atzean dauden pertsonak kontuan hartuta.

Herentzia

Iker Urkizak azaldu du aspaldikoa dela lanpostuak arautzeko beharra, eta aurreko agintaldietan  egon diren gobernu taldeei ezer ez egitea egotzi die. “Herentzia jaso dugu. Duela 10 edo 20 urtetik hona bete gabeko plazak daude Durangon. Eta, 2017an, esaterako,  ez zen oposaketarik deitu. Lanpostu interinoen kopurua lan-taldearen %8 baino txikiagoa izan behar dela dio Europak. Durangon, %40an gaude”, azaldu du.

Herriaren Eskubidea taldeko Jorge Varelak adierazi duenez, oposaketa hauek garatzeak, aurrekontuak behar bezala definitzen laguntzea ekarriko du, “lanpostu eta diru-partida bakoitzak” finkatuta.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!