Durangoko aurrekontu parte-hartzaileak "parte-hartzerik barik" egin direla kritikatu du EAJk

Ekaitz Herrera 2019ko abe. 17a, 14:49

Mireia Elkoroiribek eta Josune Escotak egin dute agerraldia.

Jeltzaleak ez datoz bat udal gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu parte hartzaileen "egituragaz". "16 proiektu aurkeztu dira inorekin kontsultatu barik, ezta herritarrek kontrastatzeko talde bategaz ere". Bestelako ideiak proposatzeko aukerarik egon ez denez, "benetako parte-hartzerik" egon ez dela adierazi du Durangoko EAJk. Bestalde, udal langile batzuen lanpostua airean dagoela adierazi dute. Lan Eskaintza Publiko baten atarian, langile batzuen artean "nahasmena, mesfidantza eta beldurra" nagusitu direla azaldu dute.

Mireia Elkoroiribe Durangoko EAJko bozeramaileak eta Josune Escota zinegotziak agerraldia egin dute gaur. Azaldu dute modu "positiboan" baloratzen dutela gobernu taldeak aurrekontu parte-hartzaileegaz eman duen urratsa, baina edukian bat ez datozela azaldu dute. 

Desadostasuna azaltzeko adibide modura, gobernu taldeak bozketara eramango dituen bi ideia hartu dituzte eskuartean: Tabirako kiroldegiko aldagelak berritzea edota udalaren web orria berritzea. "Ez dugu ulertzen nolatan sar daitezkeen guztiz premiazkoak diren bi proiektu, aukeratu beharreko proiektuen zerrendan". EAJren iritziz, prozesua parte-hartzailea izango zatekeen, baldin eta 15 eguneko epe bat eman izan balitz herritarren proposamenak bildu ahal izateko. 

Inguruko udalerrietako hainbat herritan parte-hartze prozesuak egon direla ere adierazi dute. Adibide modura ipini dituzte EAJk agintea duen hainbat udalerri (Abadiño -Independenteen laguntzagaz-, Zaldibar, Atxondo) eta Euskal Herria Bilduk gobernatzen duen Galdakao (Auzoak, Usansolo Herria eta Elkarrekin Podemos-Equo alderdiegaz batera).

Hainbat udal langileren etorkizunagaz, "kezkatuta"

Durangoko talde jeltzalearen esanetan, udaleko zenbait langileren artean "nahasmena, mesfidantza eta beldurra" daude. Kontua da, EAJren esanetan, udal gobernu taldeak laster arautuko ei duela Lanpostu Publikoen Zerrenda, eta, bertan, Lan Eskaintza Publikorako deialdi bat egingo balitz (OPE delakoa), udaleko hainbat langileren lanpostua kolokan ipintzeko arriskua legokeela.

Prozedura Lan Eskaintza Publikorako deialdi bidez egiteak, udalean urte luzez beharrean aritu den langilea ataka estu baten aurrean ipintzen dela uste du EAJk. "Udalean lanean dabilenak LEPa prestatzeko denborarik ez" lukeela izango, belaunaldi berriek "deialdia prestatzeko denbora gehiago" luketela eta, ondorioz, esperientziadun langileak kanporatzeko arriskua dakarrela azaldu dute.

Elkoroiribek urte luzeko esperientzia duten udal langileen lana goraipatu, eta balioan ipini dadila eskatu du. "Uste dugu prozedura Lan Eskaintza Publiko bidez egin beharrean, lehiaketa bidez egitea egokiagoa dela. Hartara, orain arteko langileen esperientzia ere baloratuko litzateke".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!