Aurrekontu “herrikoiagoak, sozialagoak eta parte-hartzaileagoak” izateko proposamena egin du Durangoko udal gobernu taldeak

Anboto 2019ko abe. 13a, 13:54

Hezkuntzari, ekintza sozialari, gazteen etxebizitza alokairuari, berdintasunari edo euskarari lotutako diru-partidak handitzeko proposamena egin du EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak osatutako gobernu taldeak, 2020 urterako. Aurrekontuen proposamena oposizioko indar politikoen esku utzi dutela jakinarazi dute. Urtarrileko osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte eta han erabakiko dira bai 2020ko aurrekontuen behin-betiko egitura zein izango den, eta onartuko diren ala ez.

Iker Urkiza (EH Bildu) eta Jorge Varela (Herriaren Eskubidea) zinegotziek agerraldia egin dute gaur Durangoko udaletxean, 2020ko aurrekontuen proposamena aurkezteko.

Zenbaki orokorrari erreparatuta, 36.129.000 euro inguruko aurrekontua izango du udalak datorren urteko jardunerako, iaz baino gehiago. Zinegotziek azaldu dutenez, Udalkutxak Durangoko Udalari txertatzen dion diru-kopurua (Bizkaiko Foru Aldundiak txertatutako dirua) handitu egin du, eta horrek ahalbidetu du aurrekontuaren kopurua handitzea. Diru sarrerak “%20” igo direla azaldu dute Urkizak eta Varelak. 

Aurrekontu sozial eta herrikoiagoak”

Udal gobernu taldeak hainbat diru-partida handitzeko proposamena egin du, iazko jardunarekin alderatuta: ekintza sozialera 57.500 euro gehiago bideratuko ditu. Baita berdintasun politiketara (+13.000 euro), gazteen alokairurako laguntzetara (+7.700 euro), umeen ekintzetara eta hezkuntzara (+66.000 euro), jaietara (+120.000 euro), kirol arlora (+21.000 euro) edo turismora zein merkataritza sustatzeko ere (102.000 euro).

Galeren artean, gobernazioari lotutako diru-partidak 121.000 euroan gutxitzeko proposamena egin dute.

Proiektu proposamenak

Diru-partidegaz, besteak beste, Antso Estegiz kalean berrikuntzak egitea, herriko argiteria hobetzea, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ipintzea, ‘Aramotz Berrituz’ proiektua diru gehigoz hornitzea , ingurumenari lotutako egitasmoak martxan ipintzea, merkatuaren funtzionamendua berritzea edo Lanbide Heziketako ikastetxearen teilatua berritzeko proposamenak daude.

Aurrera begirako asmoak, egutegia

Proposamena oposizioko indar politikoen esku utzi ostean, eztabaidarako unea iritsiko da. Urtarrileko osoko bilkurara eraman gura ditu gobernu taldeak, behin-betiko 2020ko aurrekontuak. Bitarte horretan, bi batzorde, bi lan-talde eta herritarregaz hasitako aurrekontu parte-hartzaileen prozesua egongo dira.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!