“Paisaia natural aberatsak ditugu, animalia miresgarriekin, eta mundu hori erakutsi gura dugu”

Joseba Derteano 2019ko abe. 13a, 13:00

Naturak eta hango bizitzak betidanik erakarri dituzte Lexeia Larrañaga (Bergara, 1985) eta Alex Gutierrez (Durango, 1984). Avis produkzioak ekoiztetxearen bitartez ematen diote bidea euren pasioari. Lan txikiekin hasi ziren, eta orain euren ibilbideko proiekturik anbiziotsuenean murgilduta daude. Azken urte bietan lantzen dabiltzan 'Natura bizia' izeneko dokumentalak Euskal Herriko hainbat baso eta parke naturaletako aberastasuna erakutsiko du, bai animaliena, bai landarediarena. Dokumental horretako 20 minutuko aurrerapena Bilbao Mendi Festival jaialdian erakutsiko dute. Gaur, 18:00etan, Bilboko Alondegiko Golen zineman izango da.

Zertan datza dokumentala eta zelan sortu zen ideia?
Alex Gutierrez: Natura Bizia proiektuak atal bi ditu: dokumentala eta seriea. Dokumentalaren proposamena aurkeztu genuen ETBn, eta hortik irten zen seriea egiteko aukera.
Lexeia Larrañaga: Gure ekoiztetxea beti dedikatu izan da naturari buruzko dokumentalak egitera. Orain esku artean duguna baino xumeagoak izan dira. Horixe da gure pasioa: natura eta basoko animaliak. Hortik abiatuta, pentsatu genuen polita izango zela zerbait handiagoa egitea: zinemetara zuzendutako dokumental luze bat.

Zer erakusten du dokumentalak?
L.L.:
Euskal Herrian paisaia natural aberatsak ditugu, bertan bizi diren animalia miresgarriekin eta mundu hori erakutsi gura dugu. Jendeak ez ditu ezagutzen

Zelakoa izango da seriea?
L.L.: 50 bat minutuko zortzi kapitulu izango dira, eta hainbat zonalde geografiko erakutsiko ditu. Alberto Iñurrategi izango da aurkezlea, eta naturagaz lotutako adituak elkarrizketatuko ditu. Esaterako, kapitulu bat Pirinioen ingurukoa da. Bertan, sarrioaren zentsoa zelakoa den kontatuko dugu, hartzaren egoera zein den, hegazti migratzaileen paseak zeintzuk diren…

Natura ezagutarazi ez ezik kontzientziazio lana ere egin gura duzue?
A.G.: Bai, jakina. Naturan daukaguna ezagutu ezik ez da ezer egiten berau babesteko. Horixe da proiektu honen helburu nagusia. Dibulgazioa eta kontzientziazioa, biak uztartuko ditugu. Etorkizun hobe bati begira gure esku dagoena egitea da denon lana, eta dokumental hau gure aletxoa da. Gauza asko ematen dugu ezagutara. Adibidez, zergatik dauden babestuta Urkiolako Parke Naturala eta Gaztelugatxe.

Urkiolako Parke Naturala izango da protagonistetariko bat?
A.G.: Gure parkea da, gure inguruan dagoena eta irudi horiek bereziki zaindu ditugu.

Urkiolako faunako eta florako zer nabarmendu daiteke?
A.G.: Euskal Herriko parke naturalik gehienak elkarren artean konektatuta daude eta antzeko baso motak ikusi daitezke. Beraz, Gorbeian, Aizkorrin eta Urkiolan nahiko fauna antzekoa aurkitu daiteke.

Zaindu beharreko animalien artean, zein azpimarratuko zenukete?
A.G.: Zaindu beharreko animalien artean, esaterako, saien familiako zainzuria dago.
L.L.: Arkaitz txoria ere animalia bitxia da. Pareta bertikaletan ibiltzen da eta zirrikitu txikietan sartzen du bere moko luzea intsektuak harrapatzeko. Neguan gure mendietara etortzen da. Urkiolako parkean hainbat tokitan aurkitu daiteke. Udaberrian mendi altuagoetara joaten da umatzera.

Grabazioak egiten zabiltzate oraindino. Non egon zarete azken egunetan?
A.G.:
Joan zen astean, esaterako, Izkiko parke naturalean egon ginen,  eta baita Kantabriako mendilerroan ere, han trantsizioko baso bat dago eta. Batean zein bestean, oso argi ikusten da klima ozeanikoaren eragina noraino heltzen den eta non sartzen den mediterraneoko ekosistema. Muga nabarmen eta berezia sortzen da toki bi horietan. Biodibertsitatea bikoiztu egiten da. Atlantikoko espezieak ikusten dira eta, aldi berean, mediterraneokoak ere bai.

Zelako esperientzia izaten ari da animaliak grabatzea?
L.L.: Animaliak ez dira aktoreak, ezin diezu agindu hemen edo han egoteko zuk gura duzun unean. Urteetako esperientziak laguntzen du. Animalien ohituren gainean informatu behar da lehenengo: adituei galdetuz, irakurriz… Grabatzerakoan, animaliengandik distantzia mantendu eta modu etikoan jokatu behar da. Ez ditugu animaliak molestatu gura, ez dugu euren eguneroko jardunean eragin gura eta neurriak hartzen ditugu hori errespetatzeko.
A.G.: Biologoak diren lagunak ditugu eta eurekin ikasitakoa oso garrantzitsua izan da guretzat. Beste faktore inportante bat pazientzia da. 16 edo 17 orduko lanegunak izaten dira sarritan. Gauetik gauera. Inguruan kamuflatzen ahalegintzen gara. Ondoren, bertara sartu eta itxaron egiten dugu.
A.G.: Egun batzuetan grabatzen duzunak balio handia du, baina beste batzuetan ez duzu ezer ere lortzen.

Badago grabatzea asko kostatu zaizuen animaliaren bat?
A.G.: Bat bakarrik esatea zaila da. Ugaztunak zailagoak dira, usaimen garatua dutelako. Norbere gorputz-usaina, desodorantea, kolonia eta horrelakoak kontuan hartu behar dira, baita haizearen norabidea ere. Hegazti batzuek, ostera, oso ikusmen garatua dute eta urrunetik ikusi zaitzakete. Esaterako, arrano beltza oso animalia zaila da grabatzeko. Begi bi ditu, baina sei dituela ematen du. Gizakiagaz ez du oso harreman ona, gure erruagatik, eta jendea dagoen inguruetatik aldentzen ahalegintzen da. Beraz, pazientzia handia izan behar da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!