"Gure umeak modu librean jolasten dira parke honetan, naturan; dagoen berdegunea mantentzea eskatzen dugu"

Ekaitz Herrera 2019ko abe. 13a, 09:30

"Oso pozik gaude udalak ur-txorrotak ipintzeko hartu duen erabakiagaz. Umeei izugarri gustatzen zaienez, sarri jo behar izan dugu Iurretako txorrotetara. Erabakia txalotzen dugu", diote Ana Nuñezek eta Errotaritxuena parkearen inguruko beste hainbat bizilagunek. Durangoko Udalak bere egin ditu herritarren eskarietako batzuk, eta ur-txorrotak ipiniko dituela aurreratu dio berripaper honi asteon. Baina beste eskari batzuk ere badituzte auzotarrek.

"Berdeguneak mantentzea ere eskatzen dugu. Denborak erakutsi digu gure umeak modu librean jolasten direla bertan, hostoekin, arramekin eta naturak ematen dituen euskarriak baliatuta", dio Aramotzeko guraso taldeak. Argiztapena hobetzea, eserleku gehiago ipintzea edo arbola kopurua gehitzea ere eskatu dute.

Durangoko Familiak
Durangoko Familiak Elkarteak uste du "udalak aurkeztu duen proiektua bide onetik doala", baina azpimarratu du "hau lehenengo pauso bat" baino ez dela. Euria egiten duenerako aterpe bat egokitzea ere bada elkartearen eta auzoko hainbat bizilagunen beste eskarietako bat. Udalak ez du aterpea ipintzerik baztertzen. Gune estali bat eraikitzea "interesgarri" ikusten du, baina, une honetan, herrian lehendik dauden beste "alternatiba" batzuk baliatzea aztertzen ari da, Landako Erakustazoka zabaltzea kasu. Bestalde, Durangoko Familia elkarteak gazteen jolasguneak handitzeko proposamenak egin ditu: "Skate park, pump track, bmx pista edo parkour" kirolak sustatzeko gune gehiago gura lituzke etorkizunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!