“Errotaritxuena herritarrak berdegunean egoteko parkea izatea gura nuke”

Ekaitz Herrera 2019ko abe. 13a, 09:30

Berdegunea eta bertan egotea ahalbidetuko duten guneak. Berba gutxitan, horietxek dira Iratxe Txintxurreta arkitektoak Errotaritxuena parkea eraberritzeko oinarri modura hartutako irizpideak.

Errotaritxuena parkea eraberritzeko enkargua jaso duzu udalaren partetik. Zein helburu nagusi bete gura du parkeak?
Esango nuke parkea edukiz betetzea dela helburu nagusia. Nahiko azalera handia du, eta asmoa da parkeak gaur gaurkoz duen nortasun berdea mantendu eta horren gainean askotariko erabilera izango duten guneak ahalbidetzea.

Zeintzuk dira, zelanbait esateko, parke honi gaur gaurkoz ikusten dizkiozun gabeziak?
Bertan egotea ahalbidetzen duten elementuen falta igartzen dut. Egoteko lekuak, jesarrita egoteko elementuak. Udan jende asko etortzen da toalla hartuta etzatera. Toki lasai eta polita da, baina, momentu honetan, ez du berdeguneaz gozatzeko aukera handirik ematen. Honetaz gainera, belardien bueltan dauden zintarriak ez ditut egoki ikusten. Irisgarritasunari begira, zintarriak kentzea proposatzen dut. Gainera, badirudi berdeguneetarako sarbidea oztopatzen dutela.

Zeintzuk dira zuk landutako aurreproiektuan deskribatzen diren ezaugarri nagusiak?
Parkeak hainbat gune izango ditu, baina horrek ez du esan gura gune bakoitzak nortasun itxi bat izango duenik. Gune batzuk izan daitezke eguzkitsuak, beste batzuk gerizpetsuak, mendira begirakoak. Bakoitzak askotariko edukiak izango ditu. Eta gune horietara denetara heltzea ahalbidetuko duen elementu bat sartuko dut horretarako: eserleku luze bat.

Beraz, eserleku luze bat izango da parkeko guneen lotura eta ardatza markatuko dituena.
Ez nuke esango parkearen ardatza izango denik, baina bai parkearen 'hari gidaria', zelanbait esateko. Elementu lineal bat izango da. Niri egokituko zait eserleku horren diseinua egitea. Eta eserleku horren espazio bakoitzak bertan egon ahal izateko modu asko eskainiko ditu, bai parkeko gune bakoitzarentzat, bai adin tarte bakoitzarentzat. Ideia da hainbat aukera sortzea: etzanda egoteko, eserita, botata, irakurtzeko posizioan, kartetan aritzeko edo umeekin lasai egoteko. Eserleku horrek parkeko guneak lotuko ditu eta bidexka bategaz lagunduta joango da.

Udalak eta herriko zenbait elkartek parke berriak izan beharreko gutxieneko edukiak eskatu dizkizute. Zeintzuk dira?
Umeentzako jolasak, tirolina eta  adinduentzako makinak ipintzea izan dira markatutako gutxieneko batzuk. Berdegunea ahalik eta gehien mantentzea ere izan da beste eskarietariko bat. Dagoena ahalik eta gehien aprobetxatzen ahalegindu naiz.

Aurreproiektua diseinatzerakoan, aske sentitu zara? Mugatuta?
Arkitektoa naizen heinean, ohituta nago bezeroen irizpideak kontuan hartuta lan egitera. Hortik kanpora, guztiz aske egon naiz. Askoz  ere okerrago egon naiz beste proiektu batzuetan! (barrez).

Aurreproiektua azaroaren 28an aurkeztu zenuen, Zabalarra eskolan, herritarren aurrean eta udaleko ordezkariek lagunduta. Zer esan dizute auzotarrek?
Batzarraren amaieran, herritar batzuk iritzia ematera etorri zitzaizkidan. Ekarpenak egin zizkidaten, proposamenak bota zizkidaten. Baina aurreproiektuari egindako kritikarik gehienak positiboak izan ziren.

Errotaritxuena izango ote da Durangok etorkizunean edukiko duen parkerik berritzaileena?
Azalera handiko parke berde bakarrenetarikoa izango dela iruditzen zait. Ezkurdi harriz estalita dago. Landako Erakustazokaren inguruan badira berdeguneak, baina apenas erabiltzen dira, eta Pinondon berdegune gutxi dago. Errotaritxuena herritarrak berdegunean egoteko parkea izatea gura nuke.

Zerbait gehitzea gustatuko litzaizuke?
Parkea asko erabiltzea gustatuko litzaidake. Zarata handirik ez dadila egon, eta, bereziki, zaindu dadila bertan ipiniko den ondarea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!