Durangoko herritarrek, bozketa bitartez, aurrekontu parte-hartzaileetan erabakiko dute udalak ipinitako 600.000 euroak zelan inbertituko diren

Ekaitz Herrera 2019ko abe. 12a, 12:37

Durangoko Udalak 600.000 euro ipiniko ditu herritarren eskura, bozketa bitartez diru hori zein proiektutan inbertituko den erabaki dezaten. Udalak 16 proiektu proposamen ditu esku artean, eta horien artean erabaki beharko dute herritarrek. 2020ko aurrekontuetan islatuta geratuko dira sostengurik gehien duten proiektuak.

Ima Garrastatxu alkateak dionez "herritarrak modu zuzenean" hautatzeko aukera izango dute Durangon, "lehen aldiz". Ildo beretik egin du berba Julian Riosek: "herritarren eskari historikoa da hau. Durangarrok, denon artean erabakiko dugu, aurrekontuaren zati bategaz zer egingo dugun". Bozkatzeko epea abenduaren 16tik urtarrilaren 3ra arte zabalduko da. 

Saio irekiak eta bozketak
Prozesu parte-hartzaile honi buruz informatzeko, udalak bilerak egingo ditu herritarrekin. Abenduaren 16an Elkartegian egingo dute, 17an San Faustoko elizan, 19an Zabalarra eskolan eta 20an udaletxeko bilkura aretoan. Saio guztiak 19:00etan izango dira.  Botoa emateko hautetsontziak liburutegian, Landako II kiroldegian eta Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoan egongo dira. Web bitartez ere bozkatu ahalko da partehartu.durango.eus atarian. 16 proposamen horien artean hiru bozkatu beharko dituzte herritarrek. 

16 proposamenak, banaka

1) Ibaizabal parkean kirol-entrenamendurako guneak sortzea

2) Landako I kiroldegiko eskalada boulderra hobetzea

3) BTT bizikletak garbitzeko postua ipintzea

4) Udalaren web orria berritzea

5) Airearen kalitateari lotutako informazio panela ipintzea

6) Zuhaitzak landatzeko kanpaina

7) Umeen parkeak eta txintxaunak hobetzea

8) Puntu beltzak eta itzalaldiak ekiditeko kuadro elektrikoen partida handitzea

9) San Fausto jaien diru-partida handitzea

10) Etxebizitzen alokairurako laguntzak handitzea

11) Ke detektagailuak ipintzeko diru-laguntzak handitzea

12) Herritarren partaidetza sustatzeko web orria sortzea

13) Disuasio aparkalekua ipintzea Gernikako Arbola biribilgunearen ondoan

14) Mikeldi idoloa berreskuratzeko lanak egitea

15) Herri-ortuak sortzeko proiektua diseinatzea

16) Aldagela berriak eraikitzea Tabira polikiroldegian

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!