"Gabon zahar gaua bakardadean edo triste pasatzen duten bizilagunek, jaia elkarregaz egiteko aukera izango dute zapatuan"

Ekaitz Herrera 2019ko abe. 9a, 10:50
Uztailean, auzoko jaiak ospatu zituzten Madalenan, Auzo Alai elkarteak antolatuta.

Madalena auzoko bizilagunek abenduaren 31ra itxaron barik, zapatu honetan bertan ospatuko dute gabon zahar gaua. Txokolatada, dantza ikuskizunak eta kanpaiak joko dituzte, noski, mahats garaunegaz lagunduta. "Gabon zahar gaua bakardadean eta triste pasatzen duten bizilagunentzat pentsatutako jaia" izango da, Auzo Alai elkarteak azaldu duenez. "Gazteentzat ere izango da, baina, batez ere, adinduentzat". Egitarau osoa, behean irakurgai.

Durangoko Madalena auzoko Auzo Alai elkarteak egitarau berezi bat diseinatu du asteburu honetarako. Gabon zahar gaua aurreratu, eta auzotarrak deitu dituzte "elkarregaz" festa egitera. Amaia Palacio Auzo Alai elkarteko kideak dioenez, auzoan giroa sortzeko jaia izango da, "gazteentzat ere bai, baina batez ere, adinduentzat. Adinduak diren bizilagun askok bakardadean pasatzen dituzte gabonak eta gabon zahar gaua, triste. Egitarau honegaz aukera bat sortu gura dugu bizilagunok elkarregaz ospatu dezagun gabon zahar gaua". 

Madalena ermitako kanpaiak aktibatuko dituzte zapatuan, 21:00ean. Bistan denez, mahats garaunak ere jango dituzte kanpaiak jo bitartean. Bakoitzak bere mahats garaunak eraman ditzala eskatu dute, baina, aurreratu dute, bertan ere egongo dela mahatsa eskuratzeko aukera. Egitarauan, dantza-saioa, txokolatada eta DJ dantzaldia ere badaude.

GABON ZAHAR OSPAKIZUNA MADALENA AUZOAN (Abenduaren 14a, zapatua)

  • 17:00ean Txokolatada
  • 17:30 Dantza ikuskizuna Kriskitin dantza taldearen eta Bidelagun musika taldearen eskutik
  • 20:00 Otzara baten zozketa (Auzo Alai elkartearen eta auzoko merkatari eta ostalarien borondateagaz lagundutako otzara izango da)
  • 21:00 Kanpaiak (Bakoitzak bere mahats garaunak eraman  beharko ditu)
  • Kanpaien ostean, DJ dantzaldia
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!