Durangoko Azokaren inpaktu ekonomikoa 5.4 milioi eurokoa da ikerketa baten arabera

Joseba Derteano 2019ko abe. 8a, 21:07

Aurtengo balorazioarekin batera, Durangoko Azokak egiten duen ekarpen ekonomikoaren inguruko datuak kaleratu ditu gaur Gerediaga Elkarteak, Siadeco ikerketa taldearekin batera.

Ikerketak aditzera eman duenez, Durangoko Azokaren eragin ekonomikoa 5.848.000 eurokoa da. Bisitariek Landako Gunean 1.737.000 euro gastatu zituzten iazko Azokan:%60 liburuetan eta %30 diskoetan. Batez beste, erosle bakoitzak 49 euro xahutu zituen Landako Gunean. Azokatik kanpora, Durangoko ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuetan, 28 euro gastatu zituzten bataz beste. 

Aipatu dutenez, bisitarien erdiak Gabonetarako erosketak egiteko aprobetxatzen du Durangoko Azoka. Horrez gain, Azokaren eraginez, disko edo liburu bat erosteko asmoa erakutsi dute bisitari ugarik: %21ek Azoka ostean liburu bat erosiko du eta  %22k bi eta bost liburu artean. Diskoei dagokionez, kopurua txikiagoa da: %10k izaten du disko bat erosteko asmoa Azoka ostean, eta %12k bi eta bost disko artean.

Gerediaga elkarteak azterketa ekonomiko honek azaleratu dituen datuen garrantzia azpimarratu nahi izan du. Eragin ekonomikoari dagokionez, adibidez, nabarmendu dute 655.000 euroko aurrekontua duen ekimen batek "halako bederatzi" eragiten duela. Horrez gain, kontuan hartzekoa da "Azokan stand bat jarri dutenen urteko fakturazioaren pisu handia duela Durangok, batazbeste %22koa baita", azaldu dute.

"Argi dago,kultura kontsumoaren aldaketei erantzun egin beharko diola Azokak hurrengo urteetan. Horretarako etengabe entzuteko jarrerarekin jarraituko dugu. Bereziki gazteengan arreta jartzea izango da apustuetako bat".

Balorazio positiboa

Durangoko Azokako 54. edizioa "emankorra, orekatua, oso jendetsua, anitza eta baikorra" izan da. Lau egunez, kulturaren plazako ekosistemak bizia hartu du Landako Gunean, Azokako gainontzeko espazioetan eta Durangoko kaleetan ere. 

Gerediaga elkartea eta Azokako guneetako antolakuntza, beraz, pozik agertu dira Durangoko Azokako 54. edizioan eman duenarekin. "Azoka aurretik esaten genuen Durangoko Azoka oso ekosistema berezia dela. Eta egunotan argi geratu da hori horrela dela. Askok osatzen dugu Durangoko Azoka, eta lau egunez, denon artean, bizia eman diogu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!