[BIDEOA] Iratxe Aguilera musikariak jaso du Durangoko Azokako Sormen Beka

Joseba Derteano 2019ko abe. 6a, 12:30

Musika urbanoa lantzen duen musikagile gasteiztarrak bere proiektuko abesti bat eskaini du zuzenean.

Iratxe Aguileraren Euskal Herrian ere badugu zer esaterik musika urbanoaren inguruan izeneko proiektuak irabazi du aurtengo Durangoko Azokako sormen beka. Proiektuan erakutsitako estilo nahasketak (reggeatoia, rapa, hip-hopa...) duen "oreka" eta grabazio "zaindua" azpimarratu ditu epaimahaiak. "Talentua zein gaitasun musikala erakutsi dute", gehitu dute. Edukiari dagokionez proiektuaren "konpromiso soziala" goraipatu dute. "Entzulearengan inpaktua lortu nahi dute, arazo sozialen aldarrikapenen bitartez, tartean, aldarrikapen feministarekin".

Iratxe Aguilera 23 urteko gasteiztarra pozarren agertu da sariarekin. Orain urtebete sortu zuen proiektua. "Gure proiektua Euskal Herriaren periferian sortzen da. Garrantzitsua da periferiako euskal nortasun eta identitate berriak proiektatzea euskaraz eta Euskal Herri osora. Proiektu hau bultzatzea garrantzitsua da euskararentzat, laguntzen duelako heldulekuak sortzen zein egungo belaunaldientzat erreferente diren musika eta kultura adierazpide berriak bultzatzen", adierazi du. Berba horien ondoren, bere proiektuko abesti bat eskaini du zuzenean.  



Atopia RPG, iazko irabazleen aurkezpena

Geredia Elkartearen eta Durangoko Udalaren artean, iaz sortu zuten sormen beka.  Atopia RPG euskarazko lehen rol jokoa garatzeko proiektuari eman zioten lehen beka hura eta, urtebeteko garapen lanaren ostean, gaur aurkeztu dute azken emaitza sortzaileek. Azaldu dutenez, "objektu kultural oso fina" egin dute, eta produktu hori Azokan bertan erosi ahal izango da, Sormen Bekako erakusmahaian. 

Bihar, 16:30ean, Durangoko Azokako Kabi@ gunean zuzeneko rol partida bat eskainiko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!