“Txikitan umeek ez dute narrazio handirik behar; gorputzetik sartzen den literatura da behar dutena”

Maialen Zuazubiskar 2019ko abe. 6a, 10:30

Saroa Bikandi durangarra herririk herri eta liburutegirik liburutegi dabil azken urteotan. ‘Azalerako ipuinak’ egitasmoaren bitartez, ahozkotasuna eta haur literatura adin txikikoei eta haien familiei hurbildu gura izan diete. Orain, beste pauso bat eman eta, indarrak batuta, Hegoak lantaldeak, Saroa Bikandik, Peru Magdalenak eta Elorrioko Etxegiroan , Maria Uriarte eta Tomas F. Juanes, ekoiztetxeak ‘Azaleko Ipuinak’ CDa kaleratuko dute,  Quico Oug’es zaratagile eta aholkulari musikalarekin batera. Saguganbaran aurkeztuko dute lana, gaur, 13:30ean. 

Durangoko Azokan ‘Azalerako ipuinak’ lana aurkeztuko duzue. Zer da?
Saroa: Ume txikiekin eta euren gurasoekin liburutegietan lantzen den ekimen batetik sortutako proiektua da ‘Azalerako ipuinak’. Ahozkotasuna eta lengoaia gorputzetik ikasten direla ulertzen dugu, eta, horregatik, tailer horretan, gorputzagaz uztartzen diren eta aho tradiziotik datozen berba joko, errima, poema eta abestiak lantzen dira, besteak beste. ‘Azalerako ipuinak’ tailer horretatik irtendako proiektua da. Umeek gorputzetik ikasten dute hizkuntza, erritmo horretan oinarritzen diren poemak eta olerkiak dira. 
Maria: Saroak zazpi urte daramatza liburutegietan tailerrak ematen, hizkuntzagaz jolasten. Umeekin batera disfrutatzen eta hizkuntzagaz jolasten erakusten dizu. Guraso askok tailer horretako materiala pasatzeko eskatu izan diote sarritan. Berak idatziz bidaltzen ditu, baina audio bat behar duzu erritmoak ez ahazteko.

Bazegoen proiektu bat, baina zelan bururatu zitzaizuen indarrak batu eta lan hau kaleratzea?
Saroa: Hau magikoa izan da. Maria eta Tomas horretara dedikatzen dira, eta Mariari proiektua kontatu nionean asko gustatu zitzaion. "Etorri eta kontatu" esaten zidan behin baino gehiagotan. Gainera, entzuteko literatura egiten dute eurek, eta, egia esan, oso ondo uztartu dira. 
Maria: Elorrioko liburutegian ezagutu genuen elkar, iloba bigaz bere tailerretara joaten hasi nintzenean. Saroak beti esaten zuen lana beste euskarri batera pasatu gura zuela, iraunkortasun handiagoa emateko asmoz. Nik esaten nion gurera etorri eta kontatzeko. Eta guk Saroak duen esentzia hori gauzatu egin dugu. 
Saroa: Niretzat izugarrizko oparia izan da, hain gertu eta hain ondo ulertu nauen jendea aurkitzea. Bestela, norengana zoaz horrelako gauza bat egiten?

Proiektu hau umeak literaturara hurbiltzeko pauso bat da?
Saroa: Dudarik barik, hau literatura hutsa da. Txikitan umeek ez dute narrazio handirik behar; gorputzetik sartzen den literatura da behar dutena, erritmoaren bitartez sartzen dena. 

Autoekoiztutako lehenengo lana duzue biok. Zelakoa izan da esperientzia?
Saroa: Esperientzia berria izan da. Ez nekien ez zer zen, ez nora ailegatu ahal ginen, ezta zer suposatzen zuen ere. Pentsatzen duzuna egiten duzu, baina, gero, pentsatutako hori baino lan gehiago eskatzen du. Eskerrak Maria eta Tomas hor egon diren, guri laguntzen eta erakusten. 
Maria: Hau bultzakada bat izan da. Ekainean batu ginen, etxeko sukaldean, eta ordutik gelditu barik ibili gara, Azokarako lanean. 
Saroa: Eta eskerrak Durango existitzen dela, bestela ez duzu egiten. Azoka hor egotera, helburu bat ipintzen diozu zeure buruari.   

Zer suposatzen du zuentzat Durangoko Azokan zuen lana egoteak?
Saroa: Harrotasun puntu bat. Gure maitasun guztiagaz egindako lan bat jendeari zabaldu ahal izatea horrelako leku polit batean. Guk sinisten dugu umeek ahozkotasuna behar dutela, tartetxo hori behar dutela literaturagaz, harreman linguistiko hori sortzeko. Eta hori jendeari zabaltzeko plaza polita da Durango. 
Maria: Umeei zein nagusiei hizkuntzagaz jolasteko aukerak ematen dizkiegu. Durango gozamena da, oso toki kalidua. Azokarako argitaratzeak esan gura du, zure lan hori gure leku batean kaleratuko dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!