“Birako lehenengo kontzertua sarrerak agortuta eskaintzea oparia da guretzat”

Aritz Maldonado 2019ko abe. 5a, 09:00

2017an etapa bat itxi eta gero, Ekorako (Araba) En Tol Sarmiento boskoteak bide berri bati ekin dio. Gaur 'Aukera Berriak' diskoa aurkeztuko dute Plateruenean. Sarrera guztiak salduta daude.

Gaurko (abenduak 5) kontzerturako prest?
Bospasei urte daramatzagu Durangoko Azokara joaten, eta Ahotsenean ere jo dugu, hainbat formatutan, baina Plateruenean joko dugun lehenengo aldia da. Lau urte daramatzagu aretoetan jo barik, eta birako lehenengo kontzertua sarrera guztiak salduta eskaintzea oparia da guretzat. Are gehiago, batik bat udan jotzen duen talde bat izanda.

'Aukera Berriak' fase berri baten lehenengo pausoa da. Zertan datza etapa berri hau?
Aurreko lanean aurreratu genuen ziklo baten amaiera zela. Hamabi urteren ondoren, gorputzak aldatzeko eskatzen zigun. Sortzeko ere komeni aldatzea, estankatuta ez gelditzeko. Estiloa bakarrik ez, funtzionamendua ere aldatu gura genuen. Bagenekien zikloa itxita zegoela eta aldatzea gura genuela, baina ez genekien zelan. Musikalki, ekoizle bategaz lan eginda bidea topatu dugu.

Urte bian egon zarete material berrirako lanean.
Lan karga handia izan da, baina merezi izan duelakoan gaude. Estilo eta soinu berri batzuk jorratzea lortu dugu, elektronika ere ukitu dugu. Eta hori guztia aurreko gauza onei, freskotasunari eta alaitasunari eutsita lortu dugu. Metalen presentzia txikiagoa da lan honetan; abesti bat metalik barik doa lehenengoz, eta beste instrumentu batzuk ditugu. Hortik dator izenburua ere, hau guztia berria delako guretzat.

Zelan Pello Reparazegaz lanean?
Beste modu batera lan egin dugu: lokalera joan aurretik, abestien demoak eginak genituen bion artean, gero lokalean lantzeko. Normalean, neuk idatzi izan ditut musika eta hitzak, baina lokalean osatzen genituen abestiak. Horrela ere melodiak egiteko aukera gehiago eduki dut, adibidez.

Zelakoa izan da jarraitzaileen harrera?
Diskoa sarean eskegi genuen, jendeak entzun eta kontzertura gogotsu joateko, eta feedbacka oso ona izan da. Prest geunden kritika negatiboak jasotzeko ere, baina, orokorrean, oso onak izan dira.

Eta aurrera begira, zer?
2020ko martxo aldera bost kontzertu emango ditugu hiriburuetako aretoetan. Gero, Madrilera eta Bartzelonara joango gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!