Azokak abenduaren 5ean zabalduko ditu ateak, eta irekieragaz batera, ikasleen eguna etorriko da. Szenatokiak tailer bereziak sortu ditu ikasleentzat, eta Karrika Antzerki taldeagaz batera inprobisazioak landuko dituzte. "Helburua gizartean izaten diren estereotipo eta etiketen inguruan berba egitea da", Karrikak saioaren aurkezpen azalean adierazten duenaren arabera. Tailer horien proiekzioaren ondoren, ikasleek antzerkiaren eta sorkuntza prozesuaren inguruan berba egiteko aukera izango dute.
Barikuan, arratsaldean ekingo diote eguneko egitarau labur bezain interesgarriari. Alde batetik, GANBILA antzerki bildumak aurkezpen teatralizatu bat izango du. Eneritz Artetxe gidari, eta Saioa Iriondoren eta Oihan Zubizarretaren laguntzagaz, antzerki bilduman sartutako lanean Miren Tirapu, Patxo Telleria eta Ximun Fuchs sortzaileak solasean arituko dira. Bestalde, iluntzean, Szenatokiak dakarren osagairik indartsuenetarikoa egongo da ikusgai San Agustineko oholtza gainean. Kukai dantza taldeak Erritu lana eskainiko du. Dantza taldearen ustez, lanak "bizi-bidaia" bat adierazten du, eta jaiotzetik heriotzaraino bizi diren etapa desberdinak antzeztuko dituzte. Sharon Fridman da zuzendaria.
Asteburuan, obrak nonahi
Zapatuan eta domekan dator Szenatokiak aurten eskainiko duen berrikuntza. San Agustin Kulturgunean. Guneko zenbait tokitan dantza eta antzerkia ikusteko aukera izango da, aldi berean. Uribarri Atxotegi eta Ane Gabilondo durangarrek eskainiko duten Nundik nora interpretazio eta dantza lana da euretariko bat. Obraren aurkezpenean, "bizitza honi bere zentzua bilatzeko egiten diren borroka txiki-handiak dira", azaldu dute. Zapatuan, egun osoan, hainbat bider eskainiko dute hogei minutuko interpretazioa.