Haurrak eta euren familiak euskal kulturara gerturatu gura ditu Saguganbarak, eta, urtean zehar, haur eta gazteen arloan hainbat diziplinatako sormen lanak ematen ditu ezagutzera. "Umeak eta familiak literaturara hurbildu gura ditugu, gozamenetik, esperientzia positiboetatik. Horrela, gaur egun, eta etorkizunean ere bai, Durangoko Azokako bisitari izan daitezen", azaldu du Itsaso Gangoitia Saguganbarako arduradunak. "Oroitzapen on bat sortu gura dugu txikiengan, eta Durangoko Azoka eurentzat ere badela sentiaraztea. Aintzat hartzen ditugula ikustea gura dugu, eta erakutsi eurei ere zabalik dagoen plaza dela Azoka", gaineratu du.
Autoekoizpenen igoera
Autoekoiztutako ipuinak nabarmenduko dira Saguganbaran datozen egunetan. Horien presentzia handitu egin da, Gangoitiak azaldu duenez: "Geroago eta gehiago dira bide hori aukeratzen duten sortzaileak. Horren adibide da Azalerako ipuinak, poesia, errima, hitz jolas, kanta eta ipuin laburrez osaturiko grabazio organikoa. Ahozkotasunaren garrantzia eta honek gorputzagaz, mugimenduagaz, azalagaz duen hartu-emana kontuan harturik sorturiko lana da, 0tik 5 urtera bitarteko haurrei eta euren familiei zuzendurikoa. Durangaldean sorturiko proiektua da, Saroa Bikandiren, Peru Magdalenaren eta Maria Uriarteren eskutik. Kokojoko izeneko bideojokoaren sortze-lana ere erakutsiko dute egunotan Saguganbaran, eta Maite Arresek umeentzako yoga saio praktiko bat ere eskainiko du. Yogipunak aurkezteko baliatuko du saioa aktore, ipuin kontalari eta yoga irakasle gipuzkoarrak.
Ene Kantakoen saioa
Aurreko urteetan lez, Ene Kantakoek aretoa beteko dute, abenduaren 7an. Txikienen artean arrakasta izan duten 10 bat abesti eskainiko dituzte zuzenean. Bestalde, abenduaren 6an, esperimentatzeko tartea hartzeko aukera izango dute gaztetxoek. Ana Galarragagaz batera, hainbat esperimentu egingo dituzte Elhuyarrek aurkeztuko duen 'STEAM esperimentuak haurrentzat' liburua bidelagun hartuta. Saguganbarako arduradunek komiki tailerrak ere antolatu dituzte .
Ipuin kontaketa saioek areto txikia izango dute aterpe. Besteak beste, Antton Kazabonek, Pello Añorgak, Leire Bilbaok, Katixa Zugaztik, Juan Cruz Igerabidek, Eider Eibarrek eta Xabier Olasok parte hartuko dute egunotan Saguganbaran. Herensugeen itzulera liburua idatzi duen Debagoienako familia sortzailea ere batuko da.
Ikuskizuna
Euskal mitologia ardatz duen Marrazjaun eta Sorgina Txirulina. Euskal mitologia ikuskizuna erakutsiko dute, domekan. Animaziozko film laburra, Sorgina Txirulinaren (Erica Liquete) ipuin kontaketa musikatua eta Marrazjaunek (Oskar Gorroño) egindako zuzeneko marrazki ikuskizuna batzen ditu.