Ahotsenea euskal sortzaileen topagunea izango da beste urte batez; aurten ere gune bitan zatituko da plaza berezia

Aritz Maldonado 2019ko abe. 5a, 09:00

Lau egun, 49 disko-aurkezpen eta 62 solasaldi. Horiek datu hotzak. Karparen berotasunean, baina, 111 bakarlari, talde eta idazlek publikoagaz bat egingo dute sortzaileen plazan. Aurreko urteetan lez, ibilbide luzeko musikari eta idazleek hasiberriekin partekatuko dute euren taula. Hain zuzen ere, horixe da Ahotseneako ezaugarri nagusietariko bat: espazio berean estilo, jatorri eta ibilbide desberdineko sortzaileak batzea.

Musikari dagokionez, estilo anitzeko nobedadeak aurkeztuko dira bertan: rock doinuak izango dira nagusi, ohikoa den legez; hala ere, hip hop, trikitixa, heavy, indie eta trap doinuak ere egongo dira gozagai. "Musikari dagokionez, euren kantak autoekoizpenaren bitartez kaleratu dituzten musikariak izango direla nagusi azpimarratu behar dugu", nabarmendu zuen Unai Pelayo Ahotseneako arduradunak aurkezpenean. Besteak beste, Zea Mays, Oreka Tx, Willis Drummond eta Keu Agirretxea artista ezagunak egongo dira. Horiez gainera, euren lehenengo diskoa kaleratu duten musikariak ere egongo dira: Iñorkiñak, Saia Goait eta Sua taldeak, adibidez.

Komikigintzaren gorakada
Literatura solasaldien kasuan, komikigintzan eman den jauzia nabarmendu du Pelayok. Hainbat komiki obra aurkeztuko dituzte; besteak beste, Adur Larrearen eta Harkaitz Canoren Antzara Eguna (hilak 6, 12:00etan), eta Yurre Ugarteren eta Joseba Larratxeren Joana Maiz (abenduak 7, 17:00etan). Berri Txarrak taldearen agurraren harira kaleratu den Berba eta Irudia liburua ere aurkeztuko dute, barikuan, 13:00etan. Horrez gainera, Karmele Jaiok, Kirmen Uribek, Anjel Lertxundik eta beste sortzaile ezagun batzuek ere parte hartuko dute.

Plaza bizia
Orain dela hamabi urte sortu zenetik, Ahotseneak aparteko bizitasuna eman dio Durangoko Azokari. Hango eta hemengo sortzaileez gainera, Durangaldeko artistak ere igoko dira Landakoko oholtzara. Horrela, Miren Amurizak Basa liburua aurkeztuko du, zapatuan, 12:00etan. Bestalde, Joxemari Iturraldek Joseba Sarrionandiaren azken liburua, Airea ez da debalde, aurkeztuko du barikuan, 19:00etan. Eta Mocker´s taldeak Oreka ahula aurkeztuko du, gaur, 15:00etan. Ahotsenearen aurtengo edizioa Nebrashka talde durangarraren emanaldiak itxiko du, domekan. 18:20ean hasiko dira jotzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!