"Marrazkiak egiterakoan umearengan pentsatu dut, ez irakurlearengan"

Aitziber Basauri 2019ko abe. 7a, 12:00

'Lo Potolo. Lotarako Ipuinak' liburuak Uxue Alberdi, Leire Bilbao, Harkaitz Cano, Juan Kruz Igerabide, Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe, Mitxel Murua eta Patxi Zubizarretaren testuak batzen ditu. Domekan aurkeztuko dute, Saguganbaran.

Zelako prozesua izan da hainbeste egileren lanak irudiekin janztea?
Oso testu bisualak dira guztiak, eta, beraz, ez da lan zaila izan. Hainbeste irudiren artean, testua irudikatuko zuen irudia aukeratzea izan da zaila. Arreta berezia ipini dut testuen artean oso antzeko irudirik egon ez zedin, ipuin edo olerki batetik bestera apurketa egiteko. Era berean, grafikoki osotasun bat lortzen ahalegindu naiz, liburuari oreka bat emateko, trazoekin, marrazkien itxuragaz, kolore gamagaz.... Testuak irakurri aurretik, aurrelanketa bat egin nuen, eta, gero, bakoitzarentzako irudia landu.

Batez ere, koloreekin jolas egin duzu.
Haurrentzako materiala oso kolore argiekin erlazionatzen dugu beti, kolore biziekin. Baina, oraingoan, guztiz kontrakoa egin dut. Lotara joateko ipuin bilduma izanik, iluntasuna eta gaua irudikatu gura izan ditut azalean, eta barruko orrietan ere ideia horri eusteko, koloreekin jolas egin dut. Kolore beroak erabili ditut, formak biguntzen dituztelako eta goxotasuna ematen dutelako. Irudi leunak eta bigunak erabili ditut. Nire saltsan sentitzen naiz hor. Marrazkiak egiterako orduan, umearengan pentsatu dut, ez hainbeste irakurlearengan. Helduek irakurri arren, marrazkiak umeekin konpartitzea itxaroten dut.

Zenbait egile eta formatu batzen ditu liburuak. Eragiten du horrek ilustratzailearen lanean?
Bai, horixe da proiektu honen alderik interesgarriena eta zailena. Hainbat egilek liburu berean lan egitea eta denentzat marrazkiak egiteko aukera ematea zoragarria da. Baina erronka ere bai. Bakoitzak bere izaera duelako. Patxi Zubizarretagaz izan ezik, beste denekin lan egin izan dut aurretik, eta alde dut hori. Batzuekin behin baino gehiagotan, gainera. Ez da berdina ipuin klasiko bat, olerki bat edo hitz joko bat. Espazialki kokapen bat du bakoitzak, eta horregaz jolastu naiz. Liburu berezia da, anitza delako eta oso gauza desberdinak batzen dituelako. Horregatik da erakargarria. Egileei gauza desberdinak eskatu zaizkie eta hori polita da, lanerako zein irakurtzeko.

Zelako esperientzia izan da?
Oso dibertigarria. Opari bat izan da, eta oso ondo pasatu dut. Ipuinak oso politak dira, magikoak, eta barre asko egin dut. Iluntasun horren bila nindoala jakinda, oso modu naturalean irten da dena. Benetako istorioak, istorio irrealak eta fantasia piloa batzen ditu liburuak, eta gaua, iluntasuna, izarrak... oso presente daude ipuin askotan.

Geroago eta onarpen handiagoa du irudiak?
Argitaletxeak konturatzen hasi dira irakurle asko marrazkiarengatik doazela materialaren bila, idazleari duen pisua kendu barik. Gura barik, bagabiltza geure begiak hezten. Ilustrazioak indarra hartu du azken urteetan, presentzia handitu du. Testuaren lagungarri izatetik osagarria izatera pasatu da irudia. Geroago eta gehiagotan, ilustrazioak testuak berak baino presentzia handiagoa du, eta liburu azaletan ere geroago eta gehiagotan agertzen da marrazkilariaren izena.

Beste proiektu bat ere baduzu esku artean.Haurrentzako euskarazko 'KokoJoko' bideojokoan lanean ari zara, Harrobi ikastola bidelagun duzuela.
Hala da. Oso istorio pertsonala da eta erronka handia. Asko ari naiz ikasten. Io da pertsonaia nagusia, marraztea gustatzen zaion haurra. Kokoen laguna. Halako batean, kokoak koadernora sartuko dira, marrazki irudimentsuetara sartuko dira, eta Io atzetik joango da. Kokoen bilaketa horretan hainbat pantaila pasatuko ditugu. Marrazketagaz eta sormenagaz oso lotuta dagoen bideojokoa da. Tarte batean ondo pasatzea da helburua, eta gurata edo gura barik euskara kontsumitzea. Egia bihurtu den ametsa da niretzat, eta datorren urte hasieran gura dugu erabilgarri egotea, kokoak.eus webgunean. Abenduaren 5ean aurkeztuko dugu proiektua, Saguganbaran. Iskander Sagarminaga da arlo informatikoaren arduraduna.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!