'Egunean Behin' aplikazioaren nondik norakoak ezagutu eta simulazio praktiko batean parte hartzeko aukera egongo da Kabian

Maialen Zuazubiskar 2019ko abe. 6a, 11:00

Euskara sustatu eta euskal kultura ezagutaraztea asmoa duen Egunean Behin izeneko jolasa modan dago. Eibarko Codesyntax taldeak kaleratu zuen, martxoan, eta aplikazioak milaka deskarga izan ditu harrezkero; baita milaka erabiltzaile ere egunero. "Egia esan, ez genuen itxaroten horrenbeste jendek jokatzea eta horren azkar zabaltzea. Aplikazioa atera genuenean, milaka gutxi batzuetako helburua ipini genion geure buruari, baina ez genuen aurreikusi horrenbeste lagunek parte hartuko zutela", adierazi du Josu Azpillaga Codesyntax taldeko kideak. Momentu honetan, 44 bat mila erabiltzaile aktibo ditu aplikazioak.

Egunean Behin tribial estiloko galdera-erantzunen jokoa da. Erabiltzaileek hamar galderako galdetegi bati erantzun behar diote, ahalik eta denborarik laburrenean. Izenak berak dioen lez, egunean behin baino ezin da jokatu.

Codesyntax taldekoek jakitera eman dutenez, dagoeneko amaitzear dago bigarren txanda edo denboraldia. Irailean hasi zuten bigarren denboraldi hori eta gabonetan emango diote amaiera. "Gabonak arte iraungo dugu, baina, gero, atsedenalditxo bat hartuko dugu. Gabonak egun bereziak izaten dira eta data horiekin lotutako galderak ipiniko ditugu, familian erantzuteko", esan du Azpillagak.

Hala ere, Codesyntax taldeko kideek hirugarren denboraldi bati ekingo diote, urtarrilean. "Ez dakigu seguru zein egunetan, baina urtarrilean hirugarren denboraldia hasiko dugu", gaineratu du. Iragarri dutenez, urte berriagaz hasiko den hirugarren denboraldia berrikuntzekin hasiko da. "Beste motibazio batzuk lortzen ahaleginduko gara", esan du Azpillagak.

Domekan, 17:00etan, Codesyntaxeko lagunek horren guztiaren berri emango dute Kabian. Ordubete inguruko saioa izango da; lehen ordu erdian, aplikazioaren ikuspegi teknikoa azalduko dute, atzean duen lana, besteak beste. Bigarren zatian, simulazio praktiko bat egingo dute. Bertaratzen direnek partida bera jokatuko dute.

Kontzertua Kabian
Egunean Behin aplikazioaren aurkezpenaz gainera, Kabiako arduradunek beste hainbat ekimen antolatu dituzte azokako egunetarako, tartean kontzertu bat. Aurten, kultura digitalaren plaza bitxikeria bategaz itxiko dute, Ines Osinaga eta Lorea Argarate musikarien Mauriziak ez du inor hil kontzertu bereziagaz. Kontzertuan euskal instrumentuei espazio bat eskainiko diete eta plaza-andreei gorazarre egingo diete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!