Irudieneako proiektoreak 10 orduan etenik barik egongo dira lanean egunero, ikus-entzunezkoen uzta berria aurkezteko

Ekaitz Herrera 2019ko abe. 5a, 09:00

Zeluloidezko artelanek zein artefaktu digitalik berritzaileenek osatuko dute Irudieneako ikus-entzunezkoen aurtengo menua. Bertan estreinatzekoak diren lanetariko batzuek, gainera, optika feminista eta kritikoak ekarriko dituzte. Horien erakusgarri dira, batetik, Pikuak, interneten hedatzeko pentsatuta dagoen web-saila, eta Ez, eskerrik asko dokumentala, zeinak Gladys Del Estal ekintzaile antinuklearraren memoria astinduko duen.

Hiru emakumeren bizipenak
Maddi Castro Pikuak websailaren zuzendariak aurreratu duenez, "hiru neska gazteren konplexurik gabeko elkarbizitza" kontatuko du web-sailak. "Hiru atal dituen websaila da. Donostian dago girotuta, etxebizitza industrial gisako batean. Ukitu urbanoa du, musiken artean trap estiloa ageri da, eta, edukiei dagokienez, gaur egun harremanak sortzeko ditugun tresnak (mugikorrak) eta ohiko bizipenak kontatuko dira, umorez, eta betaurreko more batzuetatik behatuta", gaineratu du Castrok.

Besteak beste, Jone Novo durangarrak parte hartu du Pikuak web-sailaren lanketan. Castro zuzendariak dioenez, "sekulako rola jokatu du". "Argazki zuzendaria izan da, eta muntaketan ere lan handia egin du. Profesional handiak izan dira bera eta lantaldeko beste kide guztiak; pasioz egin dugu lan", dio Castrok. Pikuak web-sailaren hiru atalak zapatuan estreinatuko dituzte Irudienean, 17:45ean.

Del Estalen memoria
Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa dokumentalak orain 40 urte izandako gertakari latz baten memoria ekarriko du gogora. 1979an, Guardia Zibilak tiroz hil zuen Gladys Del Estal ekintzaile antinuklearra, Tuteran (Nafarroa), zentral nuklearren aurkako mobilizazio batean. Sasoi hartako samina bere egin du dokumentalean Bertha Gaztelumendi zuzendariak. "Aspalditik genuen gertakari harekin dokumental bat egiteko asmoa. 40 urte pasatu dira, eta orain aukera izan dugu egiteko. Artxibo argazkiak eta 33 elkarrizketatutik gora ageri dira dokumentalean. Sasoi hartako mugimendu antinuklearra anitza eta zabala izan zela erakusten du. Gainera, memoria da ardatzetako bat. Estatuak biktima lez onartu behar du Del Estal". Domekan estreinatuko da dokumentala Irudienean, 13:30ean. Gerora, Donostian, Ean, Irunen eta Deban ere emango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!