Guztira, Albrecht Dürerren 28 lan egongo dira ikusgai Durangoko museoan; lehenengo biderra da euskal bildumazaleen lanekin osaturiko erakusketa bat egingo dena. "Ez ohiko erakusketa da bai Durangon, noski, baina baita Euskal Herri mailan ere bai. Pentsa, estatu espainiarrean Guggenheimen, Pradon (Madril) eta Bartzelonan baino ez da egin Dürerren obrekin erakusketaren bat" azaldu du Pedro Alberdik. Dürerren obrari buruzko katalogo bat euskaraz idatzi den lehenengo biderra da oraingoa, baita ere.
"Arte Ederren fakultatetik igaro den edozeinek daki nor den Albrecht Dürer, eta berezia da San Jeronimo lana bertan eduki ahal izatea, adibidez" azaldu du Garazi Arrizabalaga Durangoko Arte eta Historia museoko zuzendariak. "Baina ez hori bakarrik, Rembrandtekin eta Goyarekin batera, mendebaldeko grabatugintza markatu zuen Dürerrek". Dürerrek Juan de Iciar kaligrafo durangarraren lanean eragin nabarmena izan zuen. Garaikideak izan ziren, gainera. Horregatik, museoan artista durangarraren lanak ere erakutsiko dira.
Sukaldeko lana
Alberdiren arabera, urte askotako lanaren fruitua da erakusketa hau Durangora ekarri ahal izatea. "Lan itzela egiten ari dira Garazi Arrizabalaga eta museoko lan taldea; ez da kasualitatea erakusketa hau Durangon egitea. Esan daiteke mirari bat ere badela: batzuei kostako zaie sinestea Dürerren lan originalak direla, normalean museo nazionaletan egoten direlako horrelakoak, eta ez ikusgai gainera, kasu askotan".
Erakusketa otsailaren 2ra arte egongo da ikusgai. Ohi bezala, bisita gidatuak, hitzaldiak, haurrentzako eta helduentzako tailerrak egongo dira artistaren obran eta bizitzan sakontzeko.