'Tabernaria' antzezlanak, mintzodromoak eta gogoetak idazteko panel bik osatuko dute Durangon, Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi-sorta

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 27a, 12:46

"Urte luzez Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko programazio berezirik" egon ez dela eta, "aurrerapauso" bat eman dela azaldu du Ima Garrastatxu alkateak. "Euskara ardatz inportantea da gure lan-lerroetan. Aurtengoa egitarau xumea den arren, aurrerantzean egitaraua handitu gura genuke". Gaur hasiko dira ekitaldiak, eta abenduaren 3ra arte luzatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunera arte. Plateruenean izango dira ekitaldi guztiak.

"Folklorean erori gabe, ekintza zehatzak" antolatu dituzte Euskararen Nazioarteko Egunerako. "Herriko eragileegaz batera egingo ditugu", azaldu du Garrastatxu alkateak. Gaurtik hasi eta abenduaren 3ra arte egingo dira ekitaldiak

Panel parte hartzaileak Plateruenean prest

  • Dagoeneko prest daude Plateruena barruan, arbel itxurako bi panel. Herritarrek euskarari lotutako  desirak eta mezu positiboak idatzita utzi ahal dituzte bertan. Panelek Desioen faktoria eta Bizipenen faktoria  dute izenburu. Dinamizatzaile batek lagunduko ditu herritarrak, bertan parte hartzera.

Abenduaren 2an, Mintzodromoa eta 'Tabernaria' antzezlan-bakarrizketa

  • Abenduaren 2an, Mintzodromoa egongo da Plateruenean bertan. Durangaldeko Berbalagunen koordinatzailea da Irati Anakabe, eta, bere esanetan, kaleeatan euskara gehiago entzuteko akuilu izan gura luke Mintzodromoak. "Durangon 150 berbalagun baino gehiago batezn dira, baina gure herriko kaleetan euskara gehiago entzutea gura dugu". Bi saio izango ditu Mintzodromoak: 10:00etatik 12:00etara izango da lehenengoa; 17:30etatik 19:00etara izango da bigarrena. Izena emateko epea zabalik dago, eta, horretarako, 639400786 telefonora edo durangaldea@aek.eus helbide elektronikora jo beharko da.
  • 19:30etan, Mintzodromoa bukatutakoan Mikel Martinez aktore bilbotarraren 'Tabernaria' ikuskizunaz gozatu ahalko da. Aktore izateaz gain, tabernaria ere bada Mikel Martinez, eta garagardo kaña bat ondo zerbitzatzeko komerietatik abiatuta garatuko du bakarrizketa. 
  • Abenduaren 2ko ekintzak luntx bategaz amaituko dira

Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna

  • 11:00etan adierazpen parte-hartzaile eta herritarra egingo da Plateruenean. Durangoko Udala osatzen duten indar politikoak bertan izango dira, baina, herritarrei eta euskararen eragileei ere dei egin die bertan parte hartzera.

Ekitaldiegaz, eta, aurreikuspenen arabera, Durangoko udalbatzak gaur onartuko lukeen Euskara planak, Durango euskalduntzen lagunduko dutela azaldu dute udal ordezkariek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!