Bilboko ingenieria eskolako talde batek Formula auto bat diseinatu eta mundu mailako Formula Stundent txapelketan parte hartzen du urtero. Maristak ikastetxeko ikasleek hainbat urte daramatzate auto horretarako piezak egiten eta aurten ere erantzukizun hori izango dute mekanizazio alorreko 20 bat ikaslek. Zehazki, autoaren esekidurarako eta bolanteko direkziorako piezak egingo dituzte datorren urteko otsailera bitartean.
Proiektu horretako lagun bi Maristak ikastetxean izan dira gaur ikasleei azalpenak emateko. Maristetako ikasleen piezak euren proiektuan duten garrantzia azpimarratu dute. Auto elektrikoa da. Iazko monoplazak 212 kilo mugitu zituen 110 zaldirekin. "Xasisa batez ere karbonoz eginda dago. Oso arina denez energia gutxiago eskatzen du abiadura hartzeko", azaldu dute proiektuko kide diren Ander Gomezek eta Daniel Panguak. Zerotik 100 kilometro ordura heltzeko 2.8 segundo bakarrik behar ditu monoplazak.