Aurpegi berri asko izango ditu 24. Euskal Dendak

Joseba Derteano 2019ko aza. 26a, 13:27
Endika Zabala eta Ima Garrastatxu Euskal Dendako kartelarekin.

Abenduaren 5etik 8ra Durangoko Merkatu Plazan batuko diren 52 artisauetatik 13 berriak dira.

Aurpegi berri askorekin dator 24. Euskal Denda. Endika Zabala (Lekeitio, 1988) zuzendaria da euretako bat. Euskal Denda antolatzen duen Arbaso elkartean Bizkaiko arduraduna da eta aurten Bernat Vidal orain arteko zuzendariaren tokia hartu du. Ima Garrastatxu Durangoko alkateak lagunduta, aurtengo nobedadeen berri eman du Zabalak. “Aurpegi berri asko” egongo direla nabarmendu du. Artisauen %25 aurretik sekula egon gabekoak dira: 52etik 13, hain zuzen. “Euskal Herrian artisautza sektorea piztualdi batean dago, gazte asko dabiltza euren ilusioa artisautzan jarrita”, adierazi du Zabalak. Mugimendu horri guztiari tokia egin diote aurtengo Euskal Dendan.

Durangaldeko sei artisau gonbidatu dituzte, denak aurretik ere egondakoak. Honako hauek dira: paperezko bitxiak egiten dituen Anitha Mol elorriarra, zeramikari eta grabatzailea den Rosa Etxabe, Restaurarte zaharberritze tailerra, bitxiak egiten dituen Eneko Unzalu, egurra lantzen duen Felix Larrañaga berriztarra eta Elorrioko Gorakat.

Aurtengo Euskal Dendaren leloa ‘Larruzko Lilia’ da. “Euskal ekoizleek artisautzarekiko duten pasioa eta euskal kultura mantentzeko duten grinari egiten dio erreferentzia”, argitu du Zabalak gaur Kurutzesantu museoan egindako aurkezpenean.

Urtero legez zuzeneko erakustaldiak egongo dira eta askotariko zozketak egingo dituzte.

Ima Garrastatxu alkateak adierazi du Durangorentzat “plazer bat” dela urtero azoka hartzea eta artisauen lana goraipatu du.

 

24. EUSKAL DENDAKO DATUAK


DATA: Abenduaren 5etik 8ra

ORDUTEGIA:
- Goizetan: 11:00-14:30

- Arratsaldetan: 16:30-21:00

- Igandean: 20:00 arte

INAUGURAZIOA: Abenduak 5, osteguna, 12:00etan.

ERAKUSTOKIAK LURRALDEKA:

Bizkaia: 24 (euretako 6 Durangaldekoak)

Gipuzkoa: 10

Nafarroa: 9

Araba: 8

Lapurdi: 1

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!