“Durangaldean ez dago rallyetarako afizio handirik, eta hori ez da positiboa eskualderako”

Igor Galarza 2019ko aza. 23a, 10:00

Ezkerrean Alain Peña eta ondoan Unai de la Dehesa pilotua.

Rally lasterketetako kopilotua da Alain Peña (Durango, 1996).  Espainiako Junior Mailako Txapelketan irabazi egin zuen Unai De la Dehesagaz batera. Horrez gainera, junior mailako lasterketa garratzitsuetan parte hartzen dabil durangarra.

Gura zenuten moduan doa denboraldia?
Espainiako txapeldunak izateaz gainera, orain Suzuki Kopa gabiltza korritzen, esku artean dugun lasterketarik garrantzitsuenetarikoa. Oso lasterketa interesgarria da gazteentzat. Apurka hasi ginen eta orain lehenengo postuetan lehiatzen gabiltza lasterketetan. Asteburu honetan azkenengo lasterketa daukagu, Madrilen, eta irabaztea itxaroten dugu.

Unai De la Dehesa zu baino gazteagoa da. Zelakoa da zure lana beragaz?
21 urte dauzka. Bere bigarren urtea da maila honetan, eta batzuetan lasaitu egin behar duzu, baina orokorrean gustura eramaten dut. Beste batzuetan, psikologo lanak ere egin behar izaten ditut.

Urte askotako afizioa da rallyena?
Txikitatik gustatu izan zait motorraren mundua; hasieran moto-kros munduan ibili nintzen, baina gero utzi egin nuen. Denbora batera, Durangoko lagun bategaz han eta hemen begiratzen hasi nintzen, beti ibili izan garen moduan. Laguna lehiatzen zebilen ordurako, eta lasterrera batu egin ginen. Horrela hasi nintzen rally mundu honetan.

Durangaldean badago aukerarik mundu horretan hasteko?
Gaur egun ez dago afizio handirik Durangaldean. Momentu honetan, Durangalde Racing Elkarteko jendeak ez du atzetik jarraituko dion belaunaldirik, eta hori ez da positiboa eskualderako. Baina mundu honetan hasi gura duena nigaz hartu-emanetan ipini daiteke, eta ahal dudan neurrian lagunduko diot. Izan ere, lanean gabiltza datorren urtean kopilotu tailer bat egiteko. Aurrera ateratzea itxaroten dut.

Denboraldia azken txanpan sartuta, zeintzuk dira zure hurrengo zitak?
Madrilera joan naiz Espainiako azken asfalto proba egitera, eta datorren astean lurreko azken lasterketa daukat, hori ere Madrilen. Katalunian ere badaukat beste lasterketa bat, baina oraindino ez dakit ezer. Aurten 17 lasterketa egin ditut, eta etxean egoteko tarte bat egin gura dut, eta hurrengo urteko proiektu berriak prestatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!