Futbolean, neskentzako teknifikazioa saioak eskainiko dituzte Durangon

Joseba Derteano 2019ko aza. 21a, 11:00

(Argazkia: Facebook; Ezkurdi KT)

Doako ekimena da eta 8 eta 14 urte arteko gazteei bideratuta dago.

Bizkaiko Futbol Federakundeak, San Antonio, Zabalarra, Jesuitak, Nevers, Landako eta Kurutziaga ikastetxeekin eta Ezkurdi Kirol Taldearekin batera, futbola gustuko duten neskei bideratutako teknifikazio saioak antolatuko dituzte abendutik 2020ko ekainera.

“Jakin badakigu neska askok ez daukatela futbola ezagutzeko aukera arrazoi desberdinengatik, ez dutelako futbolarekin harremanik, edo euren artean, edo ez daukatelako futbolean aritzeko aukerarik, futbol zelaien erabilgarritasunagatik…”, azaldu dute arduradunek ohar batean. Horregatik antolatu dituzte 8 eta 14 urte arteko neskei zuzendutako teknifikazio saioak.

Klaseak San Jose Jesuitak ikastetxean emango dituzte ostegunetan eta ostiraletan, 17:00etatik 18:00etara. Saioetan futboleko fundamentu teknikoak ikasteko eta trebetasuna lantzeko aukera izango dute parte hartzaile gazteek.

Izen-ematea ekimena antolatzeko lan egin duten ikastetxeetan edo Ezkurdi Kirol Taldearen bidez egin daiteke eta doakoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!