Karkaben auziari heldu dio Durangoko Udalak eta alde zaharreko bederatzi tabernari isuna ipini die

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 21a, 10:37
San Fausto jaietan zehar eman zen arau haustea.

Jaietan karkaben erabilera mugak igarotzeagatik ipini die isuna. Zigorra errekurritzeko asmoa dute tabernariek. 500 eta 5.000 euro bitartekoa da isuna.

Karkaben erabileran araututako espazioaren mugak pasatzeagatik alde zaharreko hainbat ostaturi isuna ipini die udalak. 9 dira zigortutako tabernak. 500-5.000 euro bitartekoak izan daitezke isunak. San Fausto jaietan izan zen arau haustea. "Jaien aurretik karkaben espazio erabilera arautzeko plano bat eman genien ostalariei. Adierazi zitzaien zeintzuk ziren espazio mugak. Gero, jaiak iraun bitartean, ikuskaritza bat egin eta ikusi genuen espazio mugak pasatzen ari zirela. Abisua eman genien. Azkenean, isunak etorri dira", azaldu du udal gobernu taldeko Aritz Bravok. "Argi dugu isunek ez dutela arazoa konponduko, eta irtenbide bat lortu guran tabernariegaz batu gara". 

Lan karga handiko egunetan karkabak biltegi lez erabili ohi dituzte zenbait tabernarik. Berez, ezin dira horretarako erabili, baina badira salbuespen-datak: Durangoko jaiak, Goienkaleko jaiak eta Durangoko Azoka. Eta, horietan ere, badira arauak. Azoka ate-joka dago eta tabernariek berriro egin behako diete aurre lan-karga handiko egunei.

Tabernariak, kexu

Isuna jaso duten tabernariak kexu dira. "70 urtean jaso dudan lehenengo isuna da", dio batek. "Baimendu ziguten espazioa txikia da. Darabilgun upel kantitatea biltegiratzeko ez da aski. Gainera, jaien bezperan jaso nuen zeintzuk ziren espazio mugak. Ordurako karkaban biltegiratuta nuen jeneroa. Isuna errekurritzeko bideak aztertuko ditugu", azaldu du. 

Bizilagunen ikuspegia

DAZ Durangoko Alde Zaharra elkarteak "begi onez" ikusi du udalak hartutako bidea. "Auzi hau aspalditik dator, eta, orain, zezenari adarretatik heldu dio udalak", dio Josemari Arrillaga bozeramaileak. "Bizilagunen segurtasuna da jokoan dagoena". Hain zuzen ere, karkaben espazio erabilera, segurtasun arauek markatzen dutenaren araberakoa da.

Bravoren esanetan, "orain arte ezikusiarena" egin zaio karkaben auziari. "Orain, bizilagunen kexak eta ostalarien beharrak" entzun dituztela, eta, "bien arteko oreka bat topatzeko lanean" segiko dute, "betiere, legearen barruan". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!