Durangoko galdeketa

Erabaki plataforma: “Orain hasten da galdeketa prozesua”

Anboto 2019ko aza. 20a, 20:22
Gaur egin dute agerraldia Erabakik eta gobernu taldeak.

Erabaki plataformak eta Durangoko Udalak gaur aurkeztu dute zein izatea gurako lukeen durangarrei tren geltokiari buruz erabakitzeko egingo litzaiekeen galdera. Ima Garrastatxu alkateak adierazi duenez, “egun berezia” da gaurkoa, “4.000 durangarrek sinadura bidez eskatutakoa martxan ipiniko delako”

Agerraldia egin dute Erabaki plataformako kideek eta udal gobernu taldeko kideek, gaur, Durangoko udaletxean. Tren geltokiari buruzko galdeketan zer galdetuko luketen aurkeztu dute. Honakoa izango da galdera:

”Ados al zaude PERI 1 TRENBIDEA proiektua bertan behera uzteaz eta prozesu parte-hartzaile bat izango duen alternatiba bideragarri baten azterketa martxan jartzearekin?”

Jarrerak

Laura Gomez Erabakiko kidearen esanetan, galdeketaren prozesuak aurrera egingo du “oraingo udal gobernu taldearen jarrerari esker”. Aurreko gobernu taldearen jarreraz kexatu da, eta esan du “trabak” eta “oztopoak” izan zituztela. Garrastatxu alkateak, bere partetik, “herritarrei berba ematea argi” zutela esan, eta Erabaki plataformaren lana txalotu du.

Hurrengo pausoa: Madril

Herriaren Eskubidea taldeko zinegotzi eta Lurralde batzordeko kide Jorge Varelak hemendik aurrerako bidearen berri eman du. Datorren astean egitekoa den osoko bilkuran onartu gura dute galdera, behin-betiko. “Aurreikuspenen arabera, onartu, onartuko dela uste dugu”.

Ondoren, Madrilera eramango da kontua. Ministroen kontseiluak hiru epe izango ditu galdeketa baimendu edo prozesua atzera botatzeko. Onartuko balu, bederatzi hilabeteren buruan egin beharko litzateke galdeketa, gehienez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!