"Gure asmoa gaur eguneko tendentzietara egokitzea eta erakusmahaiak errazago identifikatzea izan da. Erakusmahaiak egurrezkoak izango dira eta errotulazioetan kolore desberdinak eta ikonoak izango dituzte. Azokak bere burua eguneratzeko ahaleginetan jarraitzen du" azaldu du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak guneetako egitarauen aurkezpenean. Guztira, 264 erakusmahai egongo dira. Produktuei dagokienez, 405 nobedade egongo dira: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari, 5 ikus-entzunezko eta 20 bestelakoak.
200 ekitalditik gora
Ahotsenean Euskal Herri osoko 111 talde, bakarlari eta idazle batuko dira, zuzenekoen karpan eta solasaldien gunean. "Rocka nagusi izango bada ere, hip hopa, trapa edota trikitixa bezalako doinuak ere egongo dira" azaldu du Unai Pelayo Ahotseneako arduradunak. Irudienean, bestalde, mundu digitalarekin harremana duten proiektuak aurkeztuko dira, hala nola, websailak, edota youtuberren kanalak. "Sarean euskarazko edukiak egoteari lehentasuna ematen diogu" azaldu du Johana Olabarria arduradunak. Saguganbaran, umeentzako ikuskizun eta tailer ugari antolatu dituzte. Autoekoiztutako ipuinak nabarmenduko dituzte Itsaso Gangoitia guneko arduradunaren arabera.
Szenatokiak nobedade nagusi bat dakar aurten: Dantza eta Antzerki Laburren Jaialdia egingo dute 30 emanaldirekin. "San Agustin eraikineko gune desberdinak erabiliko dituzte artistek" aurreratu du Arantza Arrazola guneko arduradunak. Kabi@ guneak ere nobedade sorta dakar. Mundu digitalean euskaraz sortutako azken nobedadeak topatuko dira bertan. "Egunean Behin aplikazio arrakastatsuaren sortzaileek bitxikeriak kontatuko dituzte, eta Mauriziak ez du inor hil kontzertu berezia edukiko dugu Ines Osinagarekin eta Lorea Argaraterekin, oholtzako emakumei gorazarre egiteko" azaldu du Gorka Juliok. Bestalde, Plateruena gunean En Tol Sarmientok, Zetak taldeak, Arkada Socialek eta Maider Zabalegik kontzertua eskainiko dute. "Hautsi Telebista saioan bideoklipak aztertuko dira protagonistekin batera, baita ere" azaldu du Ihintza Orbegozo guneko arduradunak.
Edinburgorekin eta Etxeparerekin elkarlana
Durangoko Azokak aurtengo edizioaren beste nobedadeetako bat Musika Eskolaren espazioa izango da. Bertan ospatuko dira inaugurazio ekitaldia, Gogoetaren Plaza eta DA! PRO egitasmoa. Gerediagak 'Throwing voices' Edinburgoko liburu Azokarekin eta Etxeparerekin egindako elkarlana nabarmendu gura izan du.