“Mendeurrenera heltzea belaunaldien arteko ahalegin kolektibo baten emaitza da”

Joseba Derteano 2019ko aza. 15a, 08:09
Ezkerretik hasita, Ander Garmendia, Ricardo Txintxurreta eta Adrian Abasolo

Durangoko Kulturala sortu zeneko mendeurrena ospatzen dabil aurten. Historia luze horretan hiru bider egon da Bigarren B Mailan. 1986-1987 denboraldian igo zen lehenengoz, eta talde hartan Ricardo Txintxurreta (Durango, 1959) ibili zen. 2005-2006 denboraldiko igoera ere bizi izan zuen, baina orduan entrenatzaile lez, Ander Garmendia (Otxandio, 1984) kapitain zuen taldean. Hurrengo urtean, Adrian Abasolok (Mañaria, 1987) debutatu zuen Kulturalagaz, Bigarren B Mailan, eta 2017- 2018 denboraldiko igoerako protagonistetariko bat izan zen. Klubaren historiako kapitulurik garrantzitsuenetako protagonistak dira.

Ricardo, zelan gogoratzen duzu orain 32 urte lortutako igoera?
Ricardo Txintxurreta: Aspaldiko kontuak! Talde indartsua eduki genuela eta dinamika on batean sartuta geundela gogoratzen dut. Merezita igo ginen.

Sendotasunean oinarritu zenuten igoera. 38 partidutik 19 berdindu zenituzten, eta hiru porrot baino ez.
R.T.: Jose Mari Arrizabalaga zen gure entrenatzailea eta taldea fisikoki ondo prestatzea gustatzen zitzaion. Lan fisiko izugarria egiten genuen. Beti korrika!

Klubaren historiarako geratuko da Bigarren B Mailarako igoera hori, lehenengoa izan zelako.
R.T.: Horrela da, bai. Gainera, orduan jende asko joaten zen gu ikustera. Etxeko partiduetan mila lagun inguru batzen ziren eta izugarrizko giroa egoten zen. Eibarren kontrako partiduren batean hiru bat mila ere batu ziren Tabiran. Beste sasoi bat zen, eta ez zegoen gaur egun dagoen kirol eskaintza anitza.

Ander eta Adrian, entzun izan duzue istoriorik igoera hari buruz?
Ander Garmendia: Igoerari buruz baino gehiago, sasoi hartako futbolaren inguruko istorioak entzun izan ditut, Txintxurretak eta Fernando Bilbao klubeko presidente izandakoak kontatuta: futbol zelai asko hareazkoak zirela, kolpe bat hartzen bagenuen hori ez zela ezer euren sasoian hartzen zirenekin alderatuta, eta antzerakoak.

Ricardo, igo bakarrik ez, lau urtean mantendu zineten bertan.
R.T.: Urte dezente dira. Kontuan hartu behar da zer talderen kontra jokatu behar genuen. Asko hiriburuetako taldeak ziren gero! Huesca, Zaragoza, Teruel… Andorran ere jokatzen genuen. Gogoan dut Galiziara joaten ginenean, sarritan, zapatuan irten eta astelehen goizean itzultzen ginela. Eta itzuli bezain laster, lanera!

Ander eta Ricardo, zelan bizi izan zenuten 2006ko igoera?
A.G.: Igoera fasea dut akorduan, kuriosoa izan zelako. Valle de Eguesen kontra hemen irabazi eta han berdindu egin genuen. Beraz, gu aurrera. Teorian, beste kanporaketa bat gainditu behar genuen mailaz igotzeko. Valle de Eguesetik bueltan etxera gentozela, Bigarren B Mailako Zaragoza B igoera fasetik kanporatu zuten. Horrek esan gura zuen Hirugarren Mailan gure aurkaria izan behar zen Zaragoza C igotzeko aukerarik barik geratu zela. Autobusean enteratu ginen Bigarren B Mailara igo ginela.
R.T.: Talde ona geneukan, baina beste talde batzuk ziren faborito eta inork ere ez zuen uste igoko ginenik. Ni urte hartan sartu nintzen entrenatzaile. Aurreko urtean Berrizen egon nintzen. Ohorezko Mailara igo ginen eta talde hartako lau-bost jokalari eraman nituen Kulturalera. Talde moduan sendotzea falta zitzaigula esan gura dut. Baina jokalarien artean sekulako giroa sortu zen, oso talde batua sortu genuen eta horixe izan zen igoeraren gakoa.
A.G.: Gainera, ez zen igoera hori bakarrik izan. Bi urtez segidan mailaz igotzea lortu genuen: Ohorezko Mailatik Bigarren B Mailara. Sasoi hartan Kulturalak talde onak izan zituen. Baina urte oso txar batean jaitsi egin zen. Beraz, Ohorezko Mailarako talde indartsua geneukan eta lortu genuen igotzea. Hurrengo urteko lorpena, ostera, ezusteko itzela izan zen. Ez genuen inondik inora horrelakorik itxaroten. Lorpenaren gakoa taldeko giro ona izan zen, Ricardok dioen moduan. Ez dut horrelako girorik beste inon bizi izan. Gaur egun ere oraindino geratzen gara kuadrillan orduko jokalari batzuk. Bazeuden gu baino kalitate handiagoko taldeak, baina talde moduan benetan sendoak ginen.

Ricardo, diferente bizitzen dira igoerak jokalaria izan ala entrenatzailea izan?
R.T.: Bai, guztiz desberdina da. Entrenatzaile lez lortutako igoera nabarmenduko nuke nik. Ez da erraza talde oso bat denboraldi guztian eramatea, egunero-egunero. Horrelako lorpenak poz berezi bat ematen du, asebetegarriagoa da.

Zelako entrenatzailea zen Ricardo Txintxurreta?
A.G.: Futbolean geroago eta garrantzi handiagoa du aldagela ondo eramaten jakiteak. Entrenatzaileak psikologo lana ere egin behar du. Txintxurretak lan hori oso ondo egiten zuela uste dut. Beraz, Ricardo, psikologo lana egitea egokitzen zitzaizun. R.T.: Entrenatzaile batek derrigor egin behar du lan hori. Jokatzen duen jokalaria pozik dago beti, eta jokatzen ez duena ez hainbeste. Baina entrenatzaile batek talde osoa ehuneko egunean behar du, jokalari guztiak, eta hori bilatu behar du. Lan zaila da, baina ondo kudeatu genuela uste dut. Talde jatorra eta langilea izan nuen.

Hurrengo urtean, taldea Bigarren B Mailan zebilela, gazte mailako jokalari batek nagusiekin debutatu zuen: Adrian Abasolo zuen izena.
Adrian Abasolo: Halaxe da. Gogoan dut nire debut eguna. Negua zen eta hotz galanta egiten zuen. Burgosen jokatu genuen. Banekien oraindino entrenatzaileak jokalari bat deialditik kanpora utzi behar zuela. Gazte mailakoa nintzenez, niri egokituko zitzaidala uste nuen, baina ez, taldean sartu ninduen. Eta partidu hartan orduerdi inguru jokatu nuen. Imajinatu, gazte mailako jokalari bat milaka lagun sartzen diren futbol zelai batean debutatzen. Oso polita izan zen.

Bigarren B Mailako ametsak urtebete iraun zuen.
A.G.: Inork ez zuen gugatik ezer ematen, baina azken txanpara aukerekin heldu ginen. Azken hiru partiduetatik bat irabazita, mailari eusteko fasean sartuko ginen. Lehenengoa galdu, bigarrena berdindu eta Alaves B-ren kontrako azkenera irabazi beharragaz heldu ginen. Eurak jaitsita zeuden, aukerarik barik. 2-1 irabazten joan ginen, baina azkenean 2-3 galdu genuen.

Adrian, hainbaten zeu izango zara etapa desberdin bitan Bigarren B Mailan jokatu duen klubeko jokalari bakarra. Historiarako datua da.
A.A.: Bai, halaxe da, zahartzen nabilela konturatzen naiz (barreak). Baina, bai, oso polita da.

2017-2018 denboraldian lortutako igoeraren zer gomuta duzu?
A.A.: Igotzeko faboritoak ginen eta oso talde ona geneukan. Igoera fasean, Conquenseren kontra, partidu bietan berdindu genuen: etxean bana eta kanpoan husna. Gogoan dut han aukera bat izan nuela eta baloia zutoinera joan zela. Sartu balitz partidua irabaziko genuen eta zuzenean igoko ginen. Baina ez zen sartu eta beste kanporaketa bi jokatu behar izan genituen. Handik astebetera, belaunetik lesionatu nintzen eta ezin izan nituen partidu horiek jokatu.

Denboran gura baino gehiago luzatu zen lesioa izan zen?
R.T.: Bai. Hurrengo denboraldian, Errege Kopako partidura arte ez nintzen itzuli. Urtebetean errekuperatu ezinik ibili nintzen. Partidu batzuk jokatu eta gol bi sartu nituen, bai, baina ezin izan nuen Bigarren B Mailaz gura beste gozatu.

Zelan bizi duzue klubaren mendeurrena?
R.T.: Futbol klub bat mendeurrenera heltzea ez da nolanahiko lorpena. Urte askoan lan ona egin dela esan gura du. Mendeurrenera heltzea belaunaldien arteko ahalegin kolektibo baten emaitza da eta goraipatzeko modukoa

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!