“Liburu batean agertzen diren erreferentzia guztiek erakusten dute nondik datorren norberaren sorkuntza”

Aritz Maldonado 2019ko aza. 16a, 10:30

Azken urteetan sorturiko poemak 'Zeldak. Gorputz honetatik' lburuan bildu, eta Balea Zuria argitaletxeagaz publikatu ditu Elena Olave durangar gazteak. Sortzaile berriei ahotsa emateko helburua du argitaletxe honek. Joseba Sarrionandia idazle iurretarrak idatzi du hitzaurrea.

Zelako poesiak batu dituzu liburuan?
Liburua lau ataletan dago antolatuta: hiru zeldak dira, eta laugarrena espazio zabala da. Zeldak Louise Bourgeois artistaren obran oinarritzen dira. Atal bakoitzak gai bat jorratzen du, ez berdina beharbada, baina hari bat mantentzen dute. Lehenengo zeldako poesiak nahiko existentzialistak dira; bigarrenekoak gehiago dira giza-harremanei buruzkoak, eta hirugarrenak kontzientziagaz du lotura; laugarren blokeak, ostera, gorputzagaz du harreman handiagoa. Azken bloke hori eta izenburuko bigarren zatia geroago sartzea erabaki nuen. Urte intentsoa izan da aurtengoa, Uxue Alberdiren eta Eider Rodriguezen bisita jaso genuen fakultatean, besteak beste, Gorputzaren lekukotasuna: bertsolaritza, literatura eta artea mahai-inguruan.

'Gorputzagaz irakurtzeko poesiak' zirela zenioen beste elkarrizketa batean.
Kuriosoa iruditu zitzaidan egitura hauek erabiltzea. Bourgeoisen zeldetan, gorputzaren inplikazio aktibo bat behar zenuelako barneratzeko. Zentzumenagaz irakurri behar zenuen espazio hura. Begiekin irakurri, baina gorputzagaz interpretatu.

Zergatik Bourgeoise?
Guggenheimen bere erakusketa bat ikusi nuen, orain urte batzuk. Iaz, arte garaikideari buruzko lan bat egin nuen; osasun mentalaren, generoaren eta sorkuntzaren inguruan egin nuen. Trauma eta psikoanalisiagaz oso lotuta egon da artista honen ibilbidea, eta horregatik erabaki nuen bere obra lantzea. Garrantzitsua da sorkuntzaren munduan, batez ere, gai hauen inguruan aritzea; izan ere, XIX. mendetik aurrera osasun mental normatibotik at edo naturaltzat identifikatzen ez zen egoera mentala pairatzen zuten gizonezko ziszuri sortzaileak jenioaren kategoria artifizialagaz lotu baitira. Aldiz, ez da modu berdinean berba egin osasun mentalaren, sorkuntzaren eta emakumea*-ren arteko loturaz.

Aspalditik idazten duzu?
Idatzi bai, baina ez dut neure burua idazletzat inoiz hartu. Graduak asko idaztera bultzatu nau, besteen lanak aztertuz; kritikak, hausnarketak...

Gaztea zarela publikatu duzu liburua.
Nik uste dut publikatzeko eta sorkuntza lanak gizarteari helarazteko aukera falta bat dagoela. Sorginolako Berbaz aldizkarian, adibidez, ikusten da gazteok badugula idazteko eta hausnartzeko joera, baditugu erreferentziak, irakurtzen dugulako, baina kontua da ez dela ikusten gure lana, ez dugu baliabiderik gazteak plazara ateratzeko. Literatur lehiaketak baino ez ditugu, argitaletxeetara bidali ditzakezu zure lanak, baina oso ausarta izan behar zara horretarako.

Eta zure kasuan, nola publikatu duzu?
Lehiaketa batera aurkeztu nintzen. Ez nuen irabazi, baina nire lanak Balea Zuriako kideen arreta deitu zuen. Sortzaile berriei ahotsa ematea dute helburu, eta oso helburu polita dela irutzen zait. Literaturplaza nahiko mundu itxi eta indibiduala dela iruditzen zait, eta ez da erraza bertan sartzea, literatur merkatuaren markotik at bestelako espazio eta ekimenak sortzen ari diren arren.

Hitzaurrea Joseba Sarrionandiarena da.
Argitaletxetik planteatu zioten. Nik ez nekien, baina ilusio handia egin zidan. Txikitatik ikasten duzun idazlea da, bertakoa, eta gertukoa sentitzen duzun idazlea iruditzen zait.

Beste erreferenterik?
Irakurtzen hasi nintzenean, gizonezkoen poesia baino ez nuen irakurtzen, baina Gloria Fuertes deskubritu nuenean, mundu berri bat agertu zitzaidan parez pare poesian. Hortik aurrera, literatura testu asko irakurri ditut; hala ere, erreferentziak ez ditut soilik literaturan topatu, bestelako kultur testuak eta bereziki arte plastikoari loturikoak izan baititut erreferente. Garrantzitsua iruditzen zait liburu batean erakusten diren erreferentzietan arreta jartzea, horiek erakutsiko dutelako zertaz elikatu zaren sortu ahal izateko, zeinen lengoaiari eman diozun zilegitasuna. Bestelako erreferentzia batzuk bilatu behar dira, ez bakarrik betiko erreferentzia kanoniko horiek. Sortzaile berriok dakarkigunak datorrenari eragingo dio. Kontsumitzen ditugun kultur testuetatik garatzen eta eraikitzen dugu gure nortasuna eta kontzientzia, eta hauek ideia kapazitistak, arrazistak, klasistak edo genero-rol eraiki eta ezarriak neutralizatzen eta helarazten badituzte, hauek naturaltzat identifikatuko ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!