“40 urtegaz nire kirol ibilbideko unerik onenean nago; inoiz ere ez naiz orain besteko konstantea izan kirolean”

Joseba Derteano 2019ko aza. 17a, 11:00

Gorka Eguenek bere Ironmanen ibilbideko argazki eta bideo dezente ditu gordeta mugikorrean, baina euretariko gutxitan agertzen da bera korrika, bizikletan edo podiumean. Energia eta bizipoza ematen dizkioten irudiak bestelakoak dira: Lanzaroteko Ironmera joan zenean taldekide, senide eta lagunek grabatu zioten animo bideoa; hainbat lasterketatan gurasoekin ageri den argazkiak; jarraitzaile sutsu duen 15 urteko lobak bidaltzen dizkion mezuak… Erronkei aurre egiteko erabiltzen duen gasolina dira.

Betidanik izan zara kirolaria?
Sekula ere ez naiz nabarmendu izan kirolean. Gazteagotan futbolean, saskibaloian eta atletismoan ibili nintzen, baina jarraikortasun handirik barik, sekula ere ez lar serio. Lehenago, lodiago nengoen eta ez nuen gaitasun berezirik kirolerako.

Triatloien eta Ironmanen munduan sartu zinen arte.
30 urtetik gora nituela, kirol batean zentratu nintzen: korrika. Triatloiak ikustera ere joaten nintzen noizerik noizera. Banenbilen korrika, bizikletan ere bai apur bat… eta igerian hasi nintzen. Orain hiru urte egin nuen debuta, Llaneseko triatloian.

Zelan joan zen?
Oso ondo. Lasterketa berezia izan zen, hainbat konturengatik. Alde batetik, nire urteguna izan zen. Gainera, gurasoak nigaz joan ziren eta, sorpresaz, arreba ere bertan agertu zen niri animoak emateko. Oso babestuta sentitu nintzen. Horiek dira sentipenik politenak, zure poza besteena ere badenean. Gurasoek asko laguntzen didate eta esker oneko nago. 15 urteko lobak ere asko animatzen nau. Behin Ironman batean korrika nenbilela, bizikletan errepidera sartu, nire ondoan ipini eta ni animatzen hasi zen. Beste behin, Lanzaroteko Ironmanaren bezperan, hotelean nengoela, sofan esertzeko eskatu eta bideo bat erakutsi zidaten. Nire senide eta lagunak ni animatzen agertzen ziren bideoan. Apur bat nerbioso nengoen lasterketa zelaeta, eta bideo horrek indarra eman zidan.

Hasieran zeure kontura ibiltzen zinen. Zelan batu zinen Indarpak taldera?
Triatloien munduak duen gauza on bat da lasterketetara joan eta jendea ezagutzen duzula. Apurka Indarpak-eko jendea ezagutzen hasi nintzen eta taldera batzera animatu ninduten.

Talde batean aritzeak lagundu dizu kirol maila hobetzen?
Bai, jakina. Baina Indarpaken dagoen talde ikuspegia nabarmendu gura nuke, batez ere. Elkarri laguntzen diogu, lasterketetara elkarregaz joan eta leku berriak ezagutzen ditugu… Azken batean, guretzat aisialdia da, ez gara horretatik biziko eta horrelako giroa izateari garrantzi handia ematen diot.

Hiru diziplinetatik, zein da zure indargunea eta zein ahulgunea?
Indargunea bizikleta da, eta hobetu beharrekoa, igeriketa. Teknikoki, ohitura zahar eta txarrak alboratzea kosta egiten da. Bestetik, diesela naiz; ez dut esprintak egiteko ahalmen edo borondate hori.

Hiru diziplina diferente entrenatu beharra gogorra da?
Nik neuk nahiago horrela, nahiago dut diziplina desberdinak entrenatzea. Astea ez zait hain monotonoa egiten. Gorputzari eta buruari sentsazio gehiago ematen dizkiezu.

Urri hasieran, erdi distantziako Ironmanen munduko txapelketara sailkatu zinen Portugalen.
Sorpresa izan zen? Sorpresa handia! Ez nenbilen horren bila. 40 urtegaz horrelako zerbait lortzea itzela izan zen. Esan dudan moduan, sekula ere ez naiz kiroletan nabarmendu eta, orain, sailkapena neure merituz lortu dut, ez da inork oparitutakoa izan. Aste bian eztitan egon nintzen. Azkenean, lorpenaren atzean ordu askotako entrenamenduak daude.

Beteranoa zarela heldu zaizu kirol arrakasta.
40 urtegaz nire kirol ibilbideko unerik onenean nago. Inoiz ere ez naiz orain besteko konstantea izan kirolean. Gazteagotan, mugikorreko agendan jaien datak nituen apuntatuta. Orain, lasterketen hitzorduekin beteta dago.

Munduko txapelketa 2020ko azaroan da, Zeelanda Berrian. Hemendik aurrerako prestaketa hitzordu horretara zuzenduko duzu?
Bai, orain arte egin dudana askorik aldatu barik, baina bai. Azkenean, norberak handitzen du bere exigentzia maila.

Noiz arte jarraitu gura zenuke Ironmanak egiten?
70 urtekoak bizikletan edo korrika ikusten ditudanean, pentsatzen dut: "Neuk ere horrela ibili gura dut euren adinean". Begira, Ironmana egitea erabaki nuenean, ardura handiagoko lanpostu batean hasi nintzen. Biak batera etorri ziren. Nire kasuan, kirola eta bizitza modu paraleloan joan dira. Kirol arloan motibatuta eta gustura nabilenean, arlo pertsonalean ere berdin sentitzen naiz. Asteburu batean lasterketa ona irteten bazait, beste indar bategaz noa lanera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!