Uber plataforma Bilbon ipini dute martxan, eta Durangoko taxi gidariek kezka dute haren jarduna hona zabalduko ote den

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 15a, 14:50

Durangoko hainbat taxi gidari kezkatuta daude Uber plataformak Bilbon lur hartu duelako. Beldur dira, plataforma oraingoz eskualdera heldu ez den arren, noizbait ailegatu daitekeelako. 20 bat gidarigaz hasi du jarduna Uberrek Bilbon, baina litekeena da kopuru hori laster batean handitzea. "Hau hasiera baino ez da. Entzuten ari gara lasai egoteko, plataforma hauek ez dutela etorkizunik izango. Ni ez naiz iritzi berekoa. Bartzelona edo Madril hirien jabe egin direla ikusi dugu, eta mundu zabalean jarduten dute. Helburu argi bategaz datoz hona ere: merkatuaren jabe egitera", azaldu dio Durangon 14 urtez taxi gidari lanetan dabilen batek ANBOTOri. "Oraingoz ez da hona ailegatu, baina beste toki batzuetara ailegatu bada, zergatik ez da hona ere helduko?", galdetu du.

Beste taxi gidari batek azaldu duenez, "lehia desleiala" egiten die Uberrek. "Nire lizentziak eta nire zergak ordaintzen ditut, eta Uberrek ez du halakorik. Joko bera karta-sorta desberdinekin ari gara jokatzen. Eta gauza bat esango dizut: nire seme-alaben jatekoa ez da jokoa", dio. Etor litekeenaren ispilu modura AEBetan gertatutakoa azaldu dute. Uber prezio merkeak eskaintzen hasi zen hango hirietan, baina tarifak igo zituzten gerora. "Merkatuaren jabe egitea lortu eta gero, %64 igo dituzte prezioak", azaldu dute.

Gizartearen 'uberizazioa'
Funtsean, internet bidezko aplikazio bat da Uber, telefono mugikorretan erabilgarri dagoena. Bertan, bat egiten dute bezeroak eta langileak. Hau da, toki batetik beste batera mugitzeko zerbitzua eskatzen duen erabiltzaileak eta gidari lanak egiteko prest dagoen erabiltzaileak. Azken honek diru kantitate bat jasotzen du bezeroarengandik, taxien prezioa baino dezente baxuagoa, gehienetan. Taxi gidariei eragiteaz gainera, beste sektore batzuetan ere badaude. Airbnbn, JustEat, Glovo eta halako aplikazioek eragin zuzena dute turismoaren sektorean eta mezularitza zerbitzuetan.

Taxi gidarietako batek argi du jokoan dagoena ez dela taxietara mugatzen, eta joera honen ondorioak epe luzera etortzen direla. "Aplikazioekin berehalakotasuna ikusten dugu, zerbitzu merke bat. Baina lan prekarioak sortzen dituzte gerora. Erabiltzaile lez, kritiko izan behar dugu. Gaur aplikazioen erabiltzaile izan zaitezke, baina bihar baldintza horietan lan egin dezakezu. Hori gura dugu?" galdetu du

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!